Eusko Jaurlaritzak gaueko jardueretan eta jatetxeetan COVID ziurtagiria ezartzeko baimena eskatuko dio EAEko Auzitegi Nagusiari

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 16a, 14:00

150etik gorako intzidentzia tasa duten udalerriek urriaren 6ko dekretuak zehazten dituen segurtasun eta babes neurriak zorrotz bete beharko dituzte, eta horiek betetzen direla bermatu ezin den kasuetan, programatutako ekitaldiak bertan behera utzi beharko dituzte. Jaurlaritzak tokian tokiko udalengan utzi du egoera balioesteko eta erabakitzeko ardura. Orioko intzidentzia tasa 260,93koa zen atzo, eta eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietan, Azpeitiak, Azkoitiak eta Zarautzek ere aise gainditzen dute 150eko muga hori.

Azken asteetan adierazle guztiek okerrera egin dutela eta, gaur pandemiari aurre egiteko neurri berriak iragarriko zituela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Gobernu Kontseiluaren ostean, Gotzone Sagardui izan da hedabideen aurrera atera dena. Eta sailburuak eman du titular bat: Jaurlaritzak gaueko aisialdi jardueretan eta jatetxeetan COVID ziurtagiria ezartzeko baimena eskatuko dio EAEko Auzitegi Nagusiari. Ziurtagiri hori 50 lagunetik gora elkartu daitezkeen gune eta ekitaldietan eskatzeko aukera aipatu du sailburuak, esaterako, kontzertuetan, jendea zutik dagoen leku itxietan kutsatze arriskua asko handitzen delako.
 
Horrek eta Sagarduik gaur iragarri dituen gainerako neurriek 150etik gorako intzidentzia tasa duten udalerriei eragingo die, eta tokiko udalen gain utzi du horiek betearazteko ardura. Orioko intzidentzia tasa 260,93koa zen atzo, eta eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietan, Azpeitiak, Azkoitiak eta Zarautzek ere aise gainditzen dute 150eko muga hori.
 
Sailburuaren hitzetan, urriaren 6ko dekretuak zehazten dituen babes eta segurtasun neurriak behar bezala betetzen direla ziurtatu ezin den kasuetan, programatutako ekitaldiak bertan behera uzteko erabakia hartu beharko du herri horretako udalak. Azpimarra egin du jan-edana tartean den ekitaldietan, horiek kontsumitzeak ezinbestean maskara kentzea baitakar. 
 
Ekitaldiak egitea erabakitzen den kasuetan, kanpoaldean egitea hobetsi du Sagarduik. Urriaren 6ko dekretuak zehazten dituen babes eta segurtasun neurriak zorrotz errespetatzeko eskatu du, eta ahal izatera, indartzeko, norabide bakarreko korridoreak ezarrita, ekitaldiei eremu handiagoak eskainita eta antzerako beste neurri batzuk hartuta. Gainera, aurrerantzean, txosten epidemiologikoa astean bitan kaleratzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, herritarrek eta tokiko erakundeek zehaztasun handiagoz jakin dezaten beren udalerriko egoera zein den.
 
Neurri horiez gain, urriaren 6ko dekretuak jasotzen dituen neurriak zeintzuk diren gogorarazi du, herritar guztiek ezinbestean bete beharrekoak direlako: toki itxietan eta metro eta erdiko tarterik gorde ezin den toki irekietan maskara jantzita izatea derrigorra dela; barrualdeetako gehienezko edukiera %80koa dela; leku itxi zein irekietan egiten diren ekitaldietan ezer edatea eta jatea debekatuta dagoela, ura salbu; jan eta edan horretarako jarritako ostalaritzak eremuetan bakarrik egin daitekeela; eta herritarrek Osakidetzako aztarnariei lana errazteko betebeharra dutela; besteak beste.
 
Neurriak bihar sartuko dira indarrean, EHAA Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian Sagarduik sinatutako dokumentua argitaratu bezain pronto.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide