Iritzia: Ardura soziala

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Dorronsoro 2021ko urr. 17a, 09:00

Egoitz Dorronsorok KARKARAren 431. zenbakian plazaratutako artikulua, 'Moila bazterretik' atalean.

Jan, kaka eta lo egiten dugu lanak uzten digun neurrian… Hala zioen Erantzun talde zarauztarrak. Ez zaie arrazoirik falta, pandemia garai hauetan batez ere. Harreman sozialak murriztuz, lanetik etxera eta alderantziz ibil gaitezen izan da agintarien helburua. Bitartean, mezuz bonbardatu gaituzte. Uda honetan haserretu nauen mezua hau izan da: "Txertoa kontzientzia sozialagatik hartu behar dela, solidaritatez”. Eta gizarteak, nola ez, sinetsi. Nire helburua ez da txertoa zalantzan ipintzea, baina bai, hau hartu ez dutenak salatzeko arrazoiak ezbaian jartzea.

Solidarioa da txertoa hartzea eta, aldi berean, txertoa hartu ez dutenei/dugunoi insolidario, berekoi zein arduragabe esaten zaigu. Hori bai, solidarioak gara, behar gehiena duten herrialdeei haien dosiak ukatu eta gure ipurdi zuriak babestu ondoren. Eredugarriagoa delako, europarron pribilegioek iraun dezaten, hemengo gazteak txertatzea, txertaketa kanpaina zalantzan ipintzea baino. Zertarako kezkatu beste herrialdeez (haietara oporretara ez bagoaz behintzat), Domund Egunean elizan "beltzei" laguntzeko dirudun gutun-azal bat sartu eta elizaren barkazioa badugu? Edo GKE baten partaidetza ordaintzen badugu? Printzipioak zurito baten prezioan saltzen dira hemen. 

Pentsa, etikaz hitz egin dezake txertoa hartu eta aldi berean Orioko bere bigarren etxea Airbnb-n alokatzen duenak. Nola ez, txertoa hartzean zure ekintza solidario eta arduratsua egin duzu, baina bigarren etxea ez badiezu turistei alokatzen, diru iturri galanta galduz, tontoa zara. Hori bai, ez du axola, herriko etxebizitzen prezioa puzteak, herritarrei alokairu duin baterako aukerak kentzeak, gazteen emantzipazio ezintasunean laguntzeak... Hots gentrifikazioa bultzatzeak. Airbnbn etxea ipintzeak ere ahalbideratzen duelako eskualdean lan egin eta etxe bizitza prezio duinean ezin lortzea. Gaira itzuliz, badirudi gizartearekin arduratsua zarela soilik txertoa jarrita, nahiz eta haragia eta arraina jan. Bada, bi hauen kontsumoa da, klima aldaketa gauzatu dadin giltzarri diren berotegi efektuko gasak, deforestazioa eta itsasoak kutsatzeko biderik nabarmenena.

Besterik gabe, zalantzan ipini komunikabideetatik (nirea ere bai) eta sare sozialetatik datozen mezuak, eta erlatibizatu egoerak, pertsonak epaitu baino lehen. Kasu honetan, ardura sozialak kezkatzen bagaitu eta helburua komunitatea/gizartea zaintzea bada, txertoa bezain garrantzitsuak edo garrantzitsuagoak diren ekintzak, jarrerak eta borrokak badaudela iruditzen zait. Edo, behintzat, mahai gainean ipini beharko genuke zer den arduratsua izatea, mundua eta ingurukoak zaintzeko. Errua ez du beti sistemak izango, guk jokabide berdinak errepikatu besterik egiten ez badugu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide