Jon Alkain: "Nahiko nuke nik sortutako arropa janzten duena indartsu sentitzea"

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 16a, 10:00

Aurreko igandean Jon Alkainen (erdian) lanak erakutsi zituzten Kutxa Kultur Moda desfilean, Txillida Lekun. (Gorka Arbaizagoitia)

Kutxa Kultur Modaren azken edizioan parte hartu du Jon Alkain diseinatzaileak. Bere diseinuez eta moda munduan aritzeko duen filosofiaz hitz egin du oriotarrak.

Bolumenekin, josketekin edota koloreekin jolastea bezain gustuko du Jon Alkainek (Aia, 1998) hitzekin jolastea. Hala erakusten du arropa diseinatzaileak sortutako markak: Ural. "Nire familiarekin lotuko ninduen izen bat nahi nuen, eta nire aurreneko bi abizenak laburtzea eta elkartzea otu zitzaidan; Urdangarin eta Alkain. Ez nuen nire izena erabili nahi, izen berezi bat baizik".

Laburduretan oinarrituta dago, hain justu, aurreko igandean Kutxa Kultur Moda desfilean Orioko bizilagunak erakutsi zuen —bera da azken edizioan parte hartu duen diseinatzaileetako bat—bildumaren izena ere: "L.A.B. Lehen. Aurten. Bihar". Bilduma horretan zenbait artista klasikoren lanak izan ditu inspirazio iturri, esaterako, Cristobal Balentziaga getariarrarenak: "Izenaren bidez adierazi nahi nuen, diseinatzaile horiek guztiak hilda dauden arren, ezagunak izaten jarraitzen dutela haien lanek. Eta diseinu horiek egin digute bide guri. Haiek dira garai hartan modan ibili zirenak, eta gerora guk korrika egin ahal izatea ahalbidetu dutenak".

"Zenbait diseinatzaile klasikok erabilitako bolumen batzuk" baliatzeaz gain, Alkain ausardiaz aritu da L.A.B. bilduma sortzeko. Kolore deigarriak erabili izan ditu orain arteko sorkuntzetan; besteak beste, zilar kolorea, urdin elektrikoa eta pasio-gorria. Koloreei esker, beraz, bisualki deigarriak diren diseinuak izan ditu esku artean. L.A.B. sortzean, baina, xehetasun txikiei egin nahi izan die azpimarra: "Detaileak egiteko erabili ditut kolorerik deigarrienak. Esaterako, zinta gorri txikiekin egin dut jolas diseinu guztietan".

"Bolumenak, esku-mutur luzeak, praka zabalak eta asimetriak erabiltzea gustatzen zait"

Alkainen esanetan, haren sorkuntzek badute oinarri komun bat: "Bolumenak, esku-mutur luzeak, praka zabalak eta asimetriak erabiltzea gustatzen zait". Igandean Txillida Lekun erakutsitako bildumak, ordea, jauzi bat adierazten du koloreei dagokienez: "Betiko elementuak presente egon arren, nire beste alde bat landu nahi nuen". Eta ez soilik koloreei lotuta: "Orain arte diseinu artistikoagoak egin nahi izan ditut beti, eta erreferentzia gisa izan ditut arroparekin ezinezkoa zirudiena egitea lortzen duten diseinatzaileak. Oraingoan, dena den, artista klasikoagoetara jo dut. Nire diseinuak beti abiatuko dira filosofia berdinetik, baina saiatzen naiz sorta bakoitzarekin zerbait desberdina lantzen eta adierazten; inspirazio desberdin bat bilatzen".

Ikuskera bat funtsean

Eta, zehazki, zein da artista oriotarraren oinarrizko filosofia? "Arroparen bidez indarra transmititu nahi izan dut beti. Nahiko nuke nik sortutako arropa janzten duena indartsu sentitzea. Pertsona batek daraman osagarri bat da arropa, baina egia da lagun dezakeela pertsona hori indartsuago sentitzen. Sarri indar gehiagorekin senti gaitezke soinean daramagun arropari esker; kaletik goaz eta gusturago gaude. Hori lortu nahiko nuke". 

Bestalde, Alkainek argi dio: "Beti bultzatu nahi izan dut generorik gabeko moda. Nire filosofiaren parte da hori". Unisexak dira bere diseinuak, eta iritzi dio, gainera, generoen arabera bereizi gabeko arropak gorakada bat izan dezakeela: "Uste dut jendeak gero eta gehiago bilatzen duela erosotasuna, edota benetan gustuko duen arropa janztea".

"Beti bultzatu nahi izan dut generorik gabeko moda"

Berarentzat gakoa den beste kontzeptu bat ere atera du mahaira: arropa berrerabiltzea. "Gizartean barneratu dugu berria dena dela onena, eta etengabe erosi behar dugula berriena den hori. Arroparekin, berdin. Baina gero eta aukera gehiago dago arropa berrerabiltzeko, eta inor ez da gutxiago hori egiteagatik. Askok pentsatzen du norbaitek arropa berrerabiltzeak esan nahi duela ez duela arropa berria erosteko ahalmenik, baina ez du derrigorrez hori adierazi behar; aukera bat da. Eta gero eta gehiago sustatzen da". 

Diseinatzaileak dio moda disenua ikastean konturatu zela "ikaragarria dela, besteak beste, Inditexek egiten duen kaltea". "Erabaki nuen Inditexen gehiago ez erostea eta, adibidez, bigarren eskuko edo vintage dendetara jotzea. Bestelako dendetan erosiz gero ere, garrantzitsua iruditzen zait, gutxienez, jakitea marka horrek zaindu egiten duela zein material erabili arropa egiteko, esportazio bidez eta merke-merke lortu beharrean".

Bokazioa bulkada

Alkainek Bartzelonan egin zituen moda diseinu ikasketak. "Etxean esan didatenez, txikitatik gustatu izan zait oihalekin eta sareekin aritzea. Oso artistikoa izan naiz betidanik. Gortina edo
tela zatiak hartzen nituen, eta haiekin zer edo zer egiten saiatzea gustatzen zitzaidan; probatzea".

Gogora ekarri du, bestalde, jostuna izan zela bere amona: "Itsas sareak egiten zituen, baita arropak ere. Amonaren aldetik jaso dut zaletasuna, hein batean". Gainera, etxeko askori betidanik gustatu izan zaiela "janzkera asko zaintzea".

Bigarren Hezkuntzako ikaslea zenean erabaki zuten bere inguruko hainbatek, zaharragoak zirenek, Bartzelonan moda diseinua ikastea. "Orduan jakin nuen ikasketa horiek egin zitezkeela, eta nire bokazioa ere bazela, agian. Asko babestu naute familian, eta beti eman didate bultzada benetan nahi dudana egiteko". Eta hala egin zuen: Bartzelonara joan zen, eta lau urtez izan zen han. Dagoeneko egin ditu lehenengo urratsak diseinatzaile gisa, eta Ural sinadurapean, zenbait bilduma eman ditu argitara; L.A.B. kolekzioaz gain, Genesis bilduma ere aurkeztu du.

"Teknika asko dago moda munduan. Asko dago ikasteko, eta nik ikasi egin nahi dut"

Oriotarrak sinadura horrekin lanean jarraitu nahi du, baina apurka-apurka: "Oraindik ez daukat nahikoa eskarmentu marka bat osorik martxan jartzeko. Teknika asko dago moda munduan, materiala edo josketa lantzeko, adibidez. Asko dago ikasteko, eta nik ikasi egin nahi dut. Uneren batean sentituko dut nahiko ziurtasun salto egiteko. Uste dut, gainera, lantzen dudan filosofia adar garrantzitsu bat dela modan". Orain, sare sozialen bidez erakusten ditu bere lanak, eta sudaderak diseinatzen nahiz neurriko arropa egiten ere hasi da.

Argazkiak: Gorka Arbaizagoitia

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide