Gora egin du Orioko intzidentzia tasak

Maria Maya Manterola 2021ko abu. 17a, 13:34

Koronabirus kasu berri bat zenbatu zuten Orion atzo, eta apur bat gora egin du intzidentzia tasak,  260,93tik 277,23ra. Aian ez dute kasu berririk zenbatu.

Osasun Sailak kaleratutako txostenaren arabera, 22 koronabirus kasu hauteman dituzte azken orduetan Urola Kostako herrietan egindako PCR eta antigeno probetan. Duela astebete zenbatutakoak baino sei kasu gehiago dira –hamasei izan ziren joan den asteartean– atzo, astelehena, hauteman zituztenak.

Edonola ere, egoera hobera egiten ari da apurka-apurka, eta atzoko datuekin alderatuta, Orio da intzidentzia tasak gora egin duen Urola Kostako herri bakarra. 5.000 biztanletik gorako herrien artean, eremu gorrian jarraitzen dute Azpeitiak, Zarautzek eta Zumaiak. Azkoitia atzo atera zen eremu gorritik, eta gaurko datuekin baieztatu daiteke beheranzko joera, ia 60 puntu jaitsi baita egun bakarrean herri horretako intzidentzia tasa. 

Zarautzen zenbatu dute kasu kopuru altuena, zortzi. Azkoitian eta Getarian bi kasu detektatu dituzte, launa Zestoan eta Azpeitian, eta bana Orion eta Zumaian. Gainerako herrietan, berriz, ez da kasu berririk zenbatu. 

Hego Euskal Herrian 792 kasu

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 8.404 proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 792k izan zuten emaitza positiboa. Bizkaian zenbatu zuten kasurik gehien: 330. Gipuzkoan 186 izan ziren, Nafarroan 151, eta Araban, 104. 

Datu horien arabera, positibotasun tasa % 10eko langatik jaitsi da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 9,4koa da adierazle hori, eta Nafarroan, % 9,koa. 

Ospitaleetako datuak, ostera, okerrera egin du. Osakidetzaren mendeko erietxeetan 283 pertsona daude ospitaleratuta, igandean baino hamahiru gehiago. Horietatik 73 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, hamasei pertsona ospitaleratu zituzten atzo izurriak jota. Guztira, 103 pertsona daude hango ospitaleetan, horietatik 25 Zaintza Intentsiboen Unitateetan. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide