"Bost kanta aukeratzeko eskatu didate eta lantegi zaila egin zait, gure bizitzaren musika-banda ezin baita, inolaz, bost doinutara errenditu. Nolanahi ere, egin dut aukera bat, nahiz eta jakin, urtebete barru gauza bera eskatuz gero, seguru asko, beste zerrenda bat aterako litzaidakeela, beharbada guztiz desberdina.
Era batera edo bestera markatu nauten bost kanta hauek aukeratu ditut. Batzuk oso aspaldikoak dira, baina aldiro-aldiro itzultzen naiz haiengana, orduan eragin zidaten zirrara berriro sentitu nahian. Gehienetan, lortzen dut".
1.- Martxa baten lehen notak —Mikel Laboa—
"Gure gazte garaian bi multzotan banatzen ginen euskarazko musika entzuten genuenak: benitozaleak eta laboazaleak. Oriotarra izanda, gaizki dago igual esatea, baina ni laboazaleen taldekoa izan naiz beti, nahiz eta Benito ere asko entzun eta apreziatu dudan. Laboaren alderdi «punkia» maite nuen. Mikel Laboaren kanta bat aukeratzen hasita, hau datorkit lehenbizi burura. Himno bat zen, eta da, niretzat; eta bikainak iruditzen zaizkit bai musika eta bai hitzak. Iruñeko sanferminetan txarangarako bertsioa entzuten dudanean, oilo-ipurdiak jartzen zaizkit".
2.- Mendian gora haritza —Imanol Larzabal—
Gure belaunaldiak gaizki tratatu zuen Imanol Larzabal, ez genion-eta barkatzen disidentzia politikoa. Damu dut orain, beranduegi. Imanolek kantu eder sorta luzea utzi zigun eta asko dauzkat gogoan iltzatuta, baina hau da, seguru asko, era guztietako egoeratan gehien abestu dudana; batzuetan, nire golkorako eta bestetan, lepo betean. Animo pixka bat behar dudanean, kanta honetara itzultzen naiz sarri.
3.- Yo pisaré las calles nuevamente —Pablo Milanés—
Pablo Neruda txiletarraren hitzak Pablo Milanés kubatarrak abestuta. Nola ez maitatu elkarketa horren emaitza? Mila bider entzun nuen estudiante garaian, Hegoamerikako musika iraultzailearen beste kantu eder askoren artean. Esperantzari egindako kantu bat, garai ilunetarako. Silvio Rodriguezekin Txilen zuzenean grabatutako bertsioa zirraragarria da.
4.- Fairy Tale of New York —The Pogues—
Halako batean, hasi ginen ingelesezko kantak ere entzuten: Bob Dylan, Joan Baez, Pink Floyd… eta, koskorrik ulertzen ez genien arren, maite genuen haien kantak topera jartzea «Frantziatik» ekarritako kontrabandoko musika-ekipoan, gure ama gaixoaren desesperaziorako. Beranduago ezagutu nuen The Pogues taldea, musika irlandarrari ukitu punki bat eransten diona eta, haien kanta guztien artean, Shane MacGowan taldeko liderrak Kirsty MacColl abeslari eta konpositorearekin kantatzen duen hau aukeratu dut. Ez naiz batere Gabon-kanta zalea, baina ez da Gabonik kantu hau, behintzat behin, jartzen ez dudanik.
5.- La Foguera —Txarango—
Musika katalanera beranduago heldu naiz, baina asko entzuten dut azken urteotan: Manel, Els Amics de les Arts, Els Catarres, Llach… Guztien artean, Txarango taldearen musika alaia eta «festeroa» maite dut. Mediterraneoko doinuak eta Karibekoak nahasten dituzte kantetan eta beti suertatzen zaizkit bihotz-altxagarri. «La Foguera» kantu berria da (2020ko «De Vent i Ales» diskoan argitaratu zen), baina dagoeneko tokitxo bat egina du nire buruan. Udari aldarte onez ekiteko kantu aproposagorik, nekez.