Iritzia: Inspirazioaz

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Pardina 2021ko uzt. 20a, 12:00

Ostargi elkarteak antolatutako erakusketako lan batzuk.

Uztaileko KARKARA aldizkarian plazaratutako artikulua, 'Moila bazterretik' atalean.

Jon Alkainek apirileko KARKARAn esan zituen hitzak, berez nabariak badirudite ere, garrantzia handikoak dira, egunero gogoratu eta gogorarazi beharrekoak: “Jende askok ez daki jantzi bat sortzeko zer nolako lana egin behar den aurretik”. Horra, bada, hitzok. Hauek irakurri ostean, galdera bat egin beharko genioke geure buruari: zergatik sentitzen dute sortzaileek egiten duten hori, funtsean, lana dela baieztatzeko beharra? Nire ustez, pentsa daitekeen edozein artista bere ekarpenen ikuspuntutik soilik balioztatzen dugulako. Ordea, nekeza egiten zaigu sortzailea langilea ere badela ikustea.

Izan ere, sortzaileek, are eta gehiago gazteak badira, ahalmen bereziak dituztela diogu. Haiek adierazteko, bestalde, makina bat hitz erabiltzen ditugu, esaterako: “irudimena”, “gustua”, “bereizmena” eta beste hainbat. Zalantzarik gabe, gaztetatik nabarmentzen diren sortzaileek berezko gaitasunak dituzte, inspirazio berezi bat dutela esan genezake, eta sorkuntzaz ari garenean ezin dugu ikuspuntu hori ekidin. Ordea, erabiltzen ditugun hitzek askotan saldu egiten gaituzte eta, hala, inspirazioaz aritzean, sortzailearen egunerokotasuna ahaztu ohi dugu.

Galdera bat erantzutea beharrezkoa zaigu, hortaz: zer da inspirazioa? Zerk eramaten du pertsona bat zentzuzko adierazpen eder bat egitera? Hasiera batean, halako prozesuez hitz egitean ezaugarri jainkotiarrez ari garela dirudi. Adibidez, ulergaitza egiten zaigu idazle on batek zurian dagoen orri batetik abiatuta belaunaldietan zehar irakurria izango den obra bat sortzeko duen gaitasuna. Nola egin du? Istorio bat pentsatu eta sortu du? Ideia bere buruan jaio edo piztu da, besterik gabe?

Zaila da gaia argitzea, baina korapilo hau askatzeko proposamen bat egin nahiko nuke. Une batez pentsatzen bada, edozein arte motak zerbait irudikatu, sortu, osatu eta igortzeko ahalmena eskatzen du. Aipatutako prozesu hauek, beraz, ez dira zain dagoen norbanakoarengana haien kabuz iristen. Aitzitik, elementu horiek jarraikitasuna, teknika eta jakinduria eskatzen dute, eta, horiek guztiak, zalantzarik gabe, lanaren ondorio zuzena dira. Sormen hutsa baino, denboran zehar sortutako materialaren pilaketa, aukeraketa eta osaketa da artistaren berezko jarduna.

Behin hona iritsita, Alkainen hitzak orokortu nahiko nituzke: jende askok ez daki sormen baten atzean lan handia dagoenik edo, are eta gehiago, jende askok ez du uste obra baten atzean dagoen hori lana denik ere. Hori, tamalez, ez da gure egunerokotasunera mugatzen den uste soila. Kontrara, kultura sektorearen prekarietateak eta sortzaile txikiek euren egoera arautzeko dituzten zailtasunek, besteak beste, ezin hobe adierazten dute kultura eta lanaren arteko bereizketa egiturazko arazo baten isla besterik ez dela.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide