Oriotarren 1930eko errebote partida Saran

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2021ko eka. 6a, 09:00

Maiatzeko KARKARA aldizkarian argitaratutako artikulua, 'Oroimenaren kutxa' atalean.

Historian zehar, euskaldun batzuk saiatu dira Euskal Herriari kanpotik ezarri zaizkion muga politikoak apurtzen, zubiak eraikitzen, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunen arteko harremanak sustatzen eta indartzen. Ahalegin horien adibide dira artikulu honetan agertuko direnak.

2020ko azaroko azken hiru asteetan ETB1ek igandeko meza Orioko San Nikolas elizatik eman zuen. Ez zen hori EITBren plana, Sarako herritik ematekotan ziren-eta; baina izurritearen ondorioz Iparraldean elizak itxita zeuden garai horretan, eta horregatik erabaki zuten Oriotik ematea.

Orain urte batzuk Aitor Sarasuak, Iparraldeko Itsasu herrian bizi zen familia oriotarreko mutilak, bertsoen bidez Itsasu Oriorekin lotzeko asmoa proposatu zion Orioko Errikotxia bertsozaleen elkarteari, Itsasutik Itsasora izendatutako ekimenean joan-etorriko bi bertso-saio izango ziren bi herriotan. Aitorren gaitzak eta heriotzak egitasmoa horretan geratzea ekarri zuen, asmo hutsean. Oraingoz.

1995etik 2000ra, Udaleko Euskara eta Kultura batzordeak Iparraldearen Eguna antolatu ohi zuen udako egun batean. Egun osoko jaia izaten zen, eta beti etortzen ziren Iparraldeko kantari eta dantzariak edo hango txarangak.

XX. mendearen hasieran, Lehen Mundu Gerra odoltsu hartan Iparraldeko mutil gazte anitz hil zen (“euskaraz baizik ez zekiten haiek, morts pour la patrie”). Hildako gazteen artean pilotariak ere asko izan ziren. Erreboteko modalitatea galzorian geratu zen, galtzeko arriskuan. Orduan oriotar bat ibili zen hango herrietan gazteei jokatzen erakusten, jokoa berreskuratzeko. Bittor Enbil zen gizon hura. Iparraldeko pilotari eta pilotazaleek omenaldi hunkigarria egin zioten Enbili 1930eko abuztuan Orioko plazan bertan.

Urte berean, 1930ean, partida bat jokatu zuten Lapurdiko Sara herri txiki eta ederreko errebote-plazan bertako taldeak eta Oriokoak. Sarako norgehiagokaren berri eman zuen Ramon Berraondo kazetari eta idazleak, Guipuzcoa deportiva aristocratica aldizkariko kronika koloretsu batean: Apuntes retrospectivos del juego de la pelota en el Pais Vasco.

Aldizkariaren ale batek orduan pezeta bateko prezioa zuen. Gaur egun guretzat ez du preziorik; balioa bai, handia: saratarren eta oriotarren arteko topaketa haren berri ematen digulako, eta baita Berraondoren zubigintzaren ahaleginarena ere. KARKARArako euskaratu dugu. Hauxe da kronika.

Sara eta Orio aurrez aurre
«... Nola diren gauzak! Oraintxe idazten ari naizen logela honetan bertan idatzi zuen Euskal Herriaz Luziano Bonaparte printzeak XIX. mendearen erdialdean, Urdaxetik barrena Nafarroatik Sarara etorri zenean. Gelako bi leihoak herriko pilotalekura zabalik daude; eta leihoetatik, atzo bezala gaur, ikus daitezke bertan jokatzen dituzten errebote-partidak. Pilota beltza da, bizia, eta gogor-gogorra, kantxaren alde batetik bestera jaurtitzen dute. Oraingoan nire gelako pertsiana jo du.

Gaur jokatuko den norgehiagokak ikusmin berezia sortu du; aspaldiko bi areriok jokatuko dute, Sarak eta Oriok. Pirinioen bi aldeetako herriek beti izan dute grina beren artean. Gaurkoa ere lehia estua izango da, nagusi zein den erabakitzeko. Goraipatzekoa da Gipuzkoako herri txiki horren paradoxa: arrantza portua duen itsas ondoko herria izanik, betidanik eman ditu arraunlari indartsuak, bikainak; baina, era berean, erreboteko jokalari onenak ere bai.

Eguzki beteak dakarren argitasunak ikusgarri egiten du plaza. Kirol agerraldi zoragarria eskaintzeko toki ezin aproposagoa da, antzinako Joko Olinpikoetako estadioa bezala. Edertasuna paregabea da. Gelatik dakusadan koadroari marko ezin egokiagoa ematen diote han urruti ageri diren euskal mendiek, berdetasun eta handitasun dotorean, alai eta irribarretsu, eguneko orduaren eta zeruaren kolorearen arabera egokituta.

Errebote plazako harmailak jendez gainezka daude. Ikusleak zain, irrikaz, pilotariak noiz plazaratuko, partidari hasiera emateko. Inguruko herrietako pilotazale guztiak bertaratu dira. Gizonezkoak, euskal txapela buruan eta igandeetako traje beltza soinean. Emakumezkoen jantzi ikusgarriek, kolore anitzez apainduriko oihalek, ezin adierazizko xarma dute. Irribarrea darie haien aurpegi gazteei, irrika biziz itxoin baitute urtebetez herriko festa noiz iritsiko, urrun den maitalearen itzulera itxarongo luketen bezala.

Atletak zuriz jantzita doaz, goitik behera, batzuek gerriko gorria eta besteek urdina dutela, xistera eskumuturrean ondo lotuta. Sarako Lemoine eta Goyetxek kilo gehitxo dute, baina beso indartsuak, adinaren eskarmentua, eta gaztetan bezalako begi zoliak. Pantxo Elizondoko baztandar ilehoriak planta liraina du. Shantako da etxeko taldearen sakalaria, Larrun mendiaren magalean Beratik bi kilometro eskasera bizi den nire adiskide ona. Lehen Mundu Gerran alemaniarren gas itogarriek ezin izan zuten harekin, eta hortxe segitzen du Sarako errebotean.

Oriotarrek sakalari aparta ekarri dute, Gipuzkoako kostaldeko arrantzaleen itxura du: altua, tentea, gihartsua, sudur luzea... Orioren ordezkaritza Enbil aita-seme ospetsuek osatzen dute. Haiekin batera, usurbildar bat, Rekondo, mutil eder beltzarana, beso indartsukoa.

Partida hasi da
Partida hamaikak puntuan hasi da. Grina handia antzematen da harmailetan. Pilota plazaren alde batetik bestera dabil, hegan, jokalarien beso gihartsuek bideratuta. Ikusleek burua ezker-eskuin mugitzen dute, pilotaren atzetik. Tantoak, marrak, jokoak... bat bestearen atzetik. Ordubetetik gora gelditu gabe, baina orain eguerdia da, Sarako elizako kanpaiak joka ari dira hamabi aldiz. Angelusaren garaia da, eskularruak eta zumezko xisterak geldirik daude, apal, brontzezko kanpaiek aginduta; txapelak burutik eskuetara, erabateko isiltasuna nagusitu da errebote plaza osoan; hamar pilotariak eta milaka ikusleak otoitzean batu dira apaizarekin.

Atsedenak grina handiagoa ekarri dio eguerdiaren osteko jokoari. Shantakok bikain sakatu du. Lapurtarrak ahalegin betean dabiltza gipuzkoarren jokoari aurre egiten. Oriotarrek talde orekatua dute, Enbil zaharra buru dutela. Beterano kementsua sasoi betean dago oraindik ere. Sakalari oriotarra indartsua eta segurua da. Sarakoek nahiko lan badute haren sakeei ondo erantzuten. Jokaldi on asko dago partidan; eta ikusleek txalo-zaparrada ederrekin saritzen dituzte. Enbil semeak, Enrikek, boleaz pilota udaletxearen teilatuaren gainetik bota du, 150 metro egingo zituen airean erori gabe.

Gipuzkoarrak nagusitu dira; haientzat da kirol saioaren ohorea. Ikusleak, zutik, esku- zarta eta oihu, irabazleei begirada kendu gabe, pozik daude, ikuskizun bikainari esker ona erakutsiz. Herria inguratzen duten mendien gainetik eguzkia irribarretsu ageri da. Orain arte hutsik zeuden herriko kaleak errebote- plazatik datorren jende gazteaz betetzen hasi dira; pozik dabiltza, bada buila eta zalaparta. Pirinioen atariko herri menditsua jaietan da, eta gaurko pilota partidak inguru guztiaren erdigune bihurtu du.

Pilota, arin-arina, txistua eta euskara
Ez dago errebote-partida bezalako ikuskizunik gainerako kiroletan, ez foot- balla, ez criketa, ez zezenak. Pilota jokoa eskola da gazteriarentzat, energia fisikoa eta morala ematen dien eskola; Euskal Herriko plazetan jokatu ohi diren lehia jator, eder eta sutsuetan gizon indartsu eta bizkorrak moldatzen dituena.

Bada dioenik inoiz gertatzen bada gure herrietan gazteriak euskal arin-arinak ez dantzatzea, herriko plazan txistularien aireak ez entzutea, edota pilota jokoa alde batera uztea, horrek esan nahiko duela gure arbasoek emandako hizkuntza zaharra ere, euskara, galzorian izango dugula, euskaldunok arima galdua izango dugula; eta Euskal Herriak ez duela izango izen horren jabe izaten segitzeko eskubiderik, nork eta bertako seme-alabek berek galtzen utzita.

Eta, orduan, Euskal Herriari ezingo zaio ohorerik egin, gaur Saran pilotari gipuzkoarrek eta lapurtarrek, angelusaren orduan, txapela eskuan, egin dioten bezala».

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide