Euskara, lehentasun kontua?

Josi Roig 2021ko mai. 31a, 03:27

Maiatzeko KARKARAN argitaratutako artikulua, 'Euskara' atalean.

Katalana naiz. 42 urte ditut. Bi neska-mutilen ama. Euskaldun batekin ezkondua. Ekintzailea, duela hiru urtetik hona. 11 urte dira Orion bizi naizela. 

Katalana dut tresna nire burua ulertzeko, besteekin harremanetan jartzeko eta nire lurrarekin konektatzeko; eta beti pentsatu izan dut nire hizkuntza zaindu, defendatu eta zabaldu behar dudala.

Etxetik joaten zarenean, helburu berriak markatu behar dituzu. Nik helburu horiei joia esaten diet (katalanez, bi esanahi ditu joia hitzak: bitxia, batetik, eta poztasun handia, bestetik). Zure munduari zentzua ematen dioten gauza txiki horiek dira joiak, eta gaur egun, niretzat, hiru dira: osatu dudan familia, abiatu dudan enpresatxoa eta euskara.

Donostian konturatu nintzen hemengo kartel gehienak elebidunak zirela, eta harritu egin nintzen, Katalunian ez baita horrela izaten. Galdetu nuenean, esan zidaten euskara oso zaila zela, baina lasai egoteko, gaztelaniaz jakinda ez nuela arazorik izango. Eta egia zen. Antropologia gaztelaniaz ikasi nuen oso-osorik unibertsitatean: klaseak, harremanak, bilerak, pintxopoteak… Erraztasun handiak eman zenizkidaten euskaldunok, baina… benetan mesedegarria al da hori etorri berriontzat? 

Unibertsitatea eta gero, bi haurdunaldiak etorri ziren, eta ez neukan denbora askorik euskara ikasteko. Nolanahi ere, jakin-minak bultzatuta, ahal nuen guztia erabiltzen nuen nekiena: egun on, eskerrik asko… Jakin-min horrek ireki zidan atea mundua betaurreko euskaldunekin esploratzeko, eta orduan hasi nintzen lagunei eskatzen ez aldatzeko hizkuntza nigatik.

Ez pentsatu edukazio onekoak zaretenik zuen hizkuntza baztertzen duzuenean ezagutzen ez duzuen norbaitekin hitz egiteko. Pertsona horrek, behar badu, eskatuko dizue hizkuntza aldatzeko, nik batzuetan egiten dudan bezala, baina, mesedez, ez ukatu guri, hasiera-hasieratik, zuek zuen hizkuntzan hobeto ezagutzeko aukera. Pertsona bat sakon ezagutzeko, ezinbestekoa da hizkuntza. Ez itxi guri ate hori!

Gaur egun, ikasten ari naiz. Ez da erraza, baina alemana, turkiera edo suediera ere ez dira, eta jendeak ederki ikasten ditu, inguru egokia eta gogoa edukiz gero.

Niretzat, euskara ikastea ez da bakarrik euskaltegira joatea, beste gauza asko ere badira: herriko jendea euskaraz agurtzea, inguruan gertatzen denaz kontzienteago izatea, saiatzea, entzutea, mimatua sentitzea norbaitek zerbait errepikatzen duenean konturatu delako ez dudala ulertu… Emozioez eta sentimenduez ari naiz. Emozio eta sentimendu horiek bultzada ematen didate, nire autoestimua sendotzen dute eta indartu egiten dute zuen artean bizitzeko bere garaian hartu nuen erabakia. Emozio eta sentimendu horiek oso nireak dira, barru-barrukoak; baina, beharbada, zuenak ere bai, eta inportanteak dira.

Zuek kutsatu didazue hizkuntza honekiko maitasuna, eta orain lehentasunezko kontu bat da niretzat. Euskarari esker asko hobetu da nire ongizate pertsonala eta soziala. Eskerrik asko. 

Euskarak balio dit errespetuaz, tolerantziaz, dibertsitateaz eta sentiberatasunaz hitz egiteko. Seguru nago kanpotik etorri garen askok horrelaxe sentitzen dugula, zeren eta… behin euskara barruan duzula, nola ez duzu, ba, estimatuko?

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide