- Modestaneko aparkalekua garai bateko edozein arratsaldetan, ume eta gaztetxoz josita, jolasean, korrika, bizikletaz, sokasaltoan, bote-botera, harrapaketan… baina, batez ere, futbolean. Berez, auzoko txoko guztiak dira jolasleku: muntoa, labaderoa, Benidorreko hondartza, mataderoa, kuartela, zeramika, Ondozabaleko kamioi zaharrak, Kaxilda eta Venturaren artasoroak… Futbolerako, ordea, aparkalekua baino hoberik ez dago. Dikeko haur guztiak bertan daudela dirudi, eskolako trasteak utzi eta bokadiloa eta baloia hartuta. Adin eta maila desberdineko nahasketa kaotikoa, bi talde elkarren kontra baloiaren atzetik, marruka eta ostikoka. Belaunerainoko galtza motzak eta anai zaharrek pasatako niki gastatuak. Azekiak, harri-txintxarra, jertseekin eginiko porteriak. Alpontxonekoak, garatetarrak, dikezarrekoak, baserrikoak, esnalekoak, aduriztarrak, makatxanekoak… etxe guztietakoak. Dikeko aldapatik ere hurbiltzen dira batzuk, bigarren portalean bizi direnak, zazpi anai-arreba…
- Zaraguetako errekreoa. Bi kapitainak pausoak egiten. Bestearen hanka zapaltzen duena hasiko da taldea osatzen. Badakigu zein aukeratuko duten lehen, egunero errepikatzen da izen berbera. Gainontzeko guztiak, haren atzetik, errenka luzean, Klaudio, Agus, Juanito, Ramonmari, Juanma, Txanka, Carras, Axi… Bizitzako partidarik gogor eta sutsuenak ordu erdi eskas horretan. Irabaziz gero pozez matematikara; galduz gero, burumakur frantsesera. Azken minutua. El ultimo que meta campeon. Utzi txorradak eta pasa baloia Imanoli.
- Kontxako bigarren igandea. 1990eko hamarkada. Arratsaldea aurrera eta mundu bat Orioko kaleetan. Banderari errezibimendua laster. Kanpa berdea garaiezina da eta atzean uzten ditu arrosak, moreak eta berdeak. (Telebistan, Imanolek ere atzean utzi ditu Alkorta eta Marcos, arean sartu da eta sekulako gola sartu dio Buyori. Jolasorduetan eta Antillako zelaian hainbeste aldiz egiten zuena errepikatu du leporaino betetako Bernabeu handian. Ezin da gorago igo, pentsatu dut orduan, ezingo du ezer handiago egin Madrili halako gola sartu eta gero, zerua jo du… Oker nengoela onartu behar). Herriko kaleetan niki horiak eta zuritoak eta kañak eta onenak gara eta ufa eta iefi. Ez dakigu oraindik zeinen zaila bihurtuko den irabaztea datozen urteetan. Halako batean, barru-barrutik: “Aldatuko nituzke bost Kontxa Realaren Liga baten truke”. Segidan entzun nituenak ezin hemen errepikatu. Oker nengoela onartu behar. Bost ez, hamar ere emango nituzke.
- Larunbat gaua. Berandu jada baina ezin lorik hartu. Geurea bai edo bai. Pare bat irteera balkoira ahal den moduan ospatzera. Marruak, saltoak, onenak gara eta ufa eta iefi. Telebistan, prentsaurrekoa bukatzear dagoela, Imanol ere balkoira irten da, kamiseta txuriurdina , bufanda besoetan, eta marruak eta saltoak, Erreala ale, irabazi arte beti egongo gara zurekin. Irudiarekin hipnotizatuta, ezin da gorago igo, pentsatu dut, zerua jo du, ezingo du ezer handiago egin. Behin eta berriro errepikatzen dute, kanal guztietan, entrenatzailearen ateraldia. Dagoeneko bolumena kenduta daukat, baina ederki entzuten da, bere ahotan, belaunaldiz belaunaldi ikasitako oihua, hemos ganau, hemos ganau, el partido del Bilbau…