Iritzia: Oilarra kukuruka

Karkara 2021ko api. 2a, 10:17

'Oilarra kukuruka' liburuaren azaleko ilustrazioa.

Aritz Pardinak martxoko KARKARA aldizkarian argitara emandako iritzi artikulua, 'Moila bazterretik' atalean.

Hitzok orri hauetan idatzi ditudan lehenak dira. Gutxinaka ezagut nazazuen, nire zaletasun baten berri emango dizuet: egunerokotasunean hautematen ditudan kontraesanak idatziz zerrendatzeko ohitura dut. Afizio onuragarria da, inondik ere, azkenaldian etxean ematen ditugun gehiegizko orduak arintzen lagun baitezake. Aipatutako orriak errepasatzen nenbilen goiz batean, hitz hauek aurkitu nituen azpimarratuta: «ez dugu erlijiorik nahi, baina jainko berriak sortzen ditugu». Garrantzia handiko gaia iruditu zitzaidan, baina, jarraipenik ez zuenez gero, garatzea erabaki nuen.

Helburu hori betetzeko, Xipri Arbelbideren Oilarra kukuruka saiakera berrirakurri nuen. Ezagutzen ez duzuenontzat, Arbelbide 1934an Heletan jaiotako euskal idazle, kazetari eta apaiza da. Obra hau, zalantzarik gabe, edonori interesa dakioke, sinestuna izan edo ez. Ni, azkar argituko dut, ez naiz sinestuna. Dena dela, ez dut uste elizak errealitateari buruz egiten duen juzgu oro atzerakoia edo zaharkitua denik. Aitzitik, Arbelbidek gaurkotasun handia duten hainbat irakaspen eman ditu erlijioaren ikuspuntutik.

Esaterako, Arbelbidek garbi erakusten du fabula erlijiosoen oinarrian fedeaz bereiz daitekeen balioen filosofia bat dagoela. Idazlearen iritziz, kontakizun hauek zoriontsu izateko argibideak eskaintzen dizkigute: oraina, elkarbizitza eta maitasuna oroz gain balioztatzea. Ildo horretatik, azpigai guztien artean badago liburua hariztatzen duen auzi bat: Arbelbiderek, teknologia eta baliabide materialak ongizatearen oinarrian jarri direnez, zoriontsu ez garela ondorioztatu du.

Funtsezko hiru balio horien galera azpimarratzeko, edonori ezaguna egingo zaion adibide bat aurkeztu du idazleak: «Oroit naiz lau gazte ikusirik jarriak Pyrénées ostatu aitzinean, Santanderko plazan, geldi-geldia bakoitza bere telefonoan mintzo edo SMS igortzen ari. Uste nuen elkarretaratuak zirela zenbait minutu goxoan pasatzeko elkarrekin kalakan. Baina ez!». Egoera horrek ezin hobe erakusten du orainaren galera zer den. Zentzu horretan, gure zoriontasunaren oinarria geroan ezarri dugula salatzen du Arbelbidek. Gainera, etorkizunean izan genitzakeen gauzen grinetan bizi garen bezala, elkarbizitza beraren nozioa ere galdu dugula uste du autoreak, zeren gure alboan ez, baizik, urrun daudenekin komunikatzean sentitzen baikara zoriontsu.

Azken finean, Arbelbidek jada aurreratu dugun ideia sakontzea du helburu, koadernoan idatzi nuen hura, alegia: jada ez dugu erlijiorik nahi, ezta Jainko bakan ahalguztidunik ere. Baina, horren ordez, teknika, zientzia eta aurrerapenaren izenean, zoriona segurtatzen diguten Bill Gates, Jeff Bezos eta behar adina telebistako aditu jainkotzen ditugu. Bolada honetan, ordea, nahikoa froga jaso dugu Arbelbiderekin bat etortzeko. Hain zuzen ere, azkenaldian inoiz baino Internet, hots egite, bideodei, on-line erosketa eta komunikazio gehiago izan dugu baina, zoriona, aldiz, ohi baino urriagoa da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide