Atzo, ostiralean, erraustegiaren aurkako protesta izan zen arratsaldeko seiak eta erdiak aldera. Bi pertsona zimitoriotik zintzilik jarri ziren S.O.S. irakur zitekeen kartelarekin, eta segidan, manifestua irakurri zuten Oteitzaren pietatea jarrita dagoen arkupean.
Zubietako erraustegian hondakin industrialak erreko dituztela salatu zuten mobilizazioan parte hartu zutenek. Azpimarratu zuten ere, Gipuzkoan sortzen den errefusa baino gehiago erretzeko prestatu dutela erraustegia: "2019an Gipuzkoan 138.000 tona errefus sortu ziren, eta erraustegia 200.000 tona erretzeko prestatu dute. Ikusi da, Gipuzkoako herri gehienetan posible dela errefusa asko murriztea. Zergatik ez da hori egiten Donostian, Irunen, Lasarten eta halako udalerrietan? Horiek dira erraustegia gehien elikatzen dutenak, eta ez dute beste udalerri batzuek txukun samar egiten dutena hondatzeko eskubiderik".
Erraustegira kanpoko hondakinak ekartzearen gaineko kezka ere azaldu zuten: "Hurrengo urratsa zein izango da? Kanpotik zaborra ekartzea? Hondakinak, eta ondorioz gaixotasunak, murrizten saiatzea baino interesgarriagoa alda hori?".
Afera horren harira, martxoaren 27an elkarretaratzea egingo da Zubietako erraustegiaren parean, eta Oriotik haraino hurreratzeko proposamena egin zieten herritarrei: "Joareak dantzatuz joango gara erraustegiraino, erronka hori gauzatzen saiatuko gara. Animatu gurekin joaldunetan parte hartzera, txandak egiteko jendea beharko dugu eta!".