Identitate pluralak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko urt. 22a, 16:27

Aiora Larrañagak KARKARAren 424. zenbakian argitara emandako iritzi artikulua.

Etorkinen Nazioarteko Eguna izan zen abenduaren 18a, eta horren harira Erlo telebistak haur migratzaileen errealitatea sakonago ezagutzeko egin zuen dokumentalean parte hartzeko aukera izan nuen. Askotan esan ohi da haurrak helduak baino errazago egokitzen direla herrialde edota egoera berrira, baina aldi berean, haur horiek badituzte helduek ez dituzten hainbat zailtasun, ez baitute migratzea aukeratu; beren gurasoek ordea, bai. Horregatik, zenbakiez harago, haur eta gaztetxo horiek bizi duten prozesua ezagutzea zuen helburu ikus-entzunezkoak eta, horretarako, Kaoutar El Fatmi aiarraren testigantza jaso genuen, besteak beste.

Gaian sakondu nahian nenbilela, topo egin nuen filosofian doktorea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean irakaslea den Amelia Barquinen blogarekin. Zapia buruan, ibili munduan! du izena blogak, eta kulturartekotasuna, hezkuntza, feminismoa eta euskara izaten ditu hizpide. Hain zuzen, abenduaren 9an argitaratu zuen artikulu batean euskal gizartean identitate pluralek duten garrantzia nabarmendu zuen irakasleak. Horretarako, 10 urteko Saidaren egoera jarri zuen adibidetzat. Izan ere, Saida txikia zenean iritsi zen Euskal Herrira gurasoekin batera, eta ordutik D ereduan ikasi du beti. Duela gutxi hijabarekin eskolara joaten hasi zen, eta zapi horrek irakasle eta guraso batzuen artean egonezina sortu duela dio Barquinek. Beste batzuek, berriz, Saidaren kultura errespetatu egin behar dela uste dute. Auzi horretan, ordea, oso gutxi ohartu dira Saidaren kultura ez dela bere gurasoen jatorriko herrialdeko kultura bakarrik, bizitza guztian Euskl Herrian bizita, haurra euskal herritarra eta euskalduna dela, alegia.

Saida bezala atzerritartzat hartzen diren haur asko daude Euskal Herrian, baita Aian eta Orion ere. Egoera horrek hainbat galdera dakarkizkit burura: noiz pasatzen da herritar bat kanpotarra izatetik bertakoa kontsideratzera? Hemen jaiotzea, bizitzea, ikastea eta bertako hizkuntza hitz egitea ez al da nahikoa euskalduna izateko? Edo Aranguren, Olaizola, Etxeberria, Uranga, Arruti edo Manterola bezalako euskal abizenak eduki behar dira euskalduna izateko? Nola erantzungo genuke guk, jaio garen gizarteak bertakoak ez garelako baztertzen bagaitu?

Euskal gizartea gero eta anitzagoa da, eta oker gabiltza pentsatzen badugu identitate garbizalea sustatuz babestuko ditugula euskara eta euskal kultura. Hala, ados nago Amelia Barquinekin esaten duenean hezkuntza sisteman eta gizartean oro har, identitate pluralak eraikitzeko beharraz ohartu behar dugula. Hau da, uste dut euskal kultura eta hizkuntza denona izan daitekeela haurraren edo bere gurasoen jaioterria, azal kolorea, abizenak edo erlijioa zernahi direla ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide