Trantsizio energetikoa

Alazne Arruti 2021ko urt. 22a, 16:21

Alazne Arrutik KARKARAren 424. zenbakian argitara emandako artikulua, 'Akuilua hartuta' atalean.

Trantsizioek aro baten amaiera iragarri ohi dute, bide baten etenaldia azpimarratuz.  Aldaketen usaina darie. Izan daiteke behartua, oinpean dugun soka fintzen hasi eta haren gainean ibili ezinda, norbaitek atzetik bultzako bagintu lez. Edota, biziraupenekoa. Berandu baino lehen, behar batzuei erantzuteko hartutako erabaki multzoa. Eta inguratzen gaituen edozeri erantsi dakiokeen kontzeptua denez,  trantsizio hitzak izan dezake energetiko abizena.

Sistema energetikoen epe luzerako egiturazko aldaketa moduan definitu genezake. Eta historian zehar, badira hainbat kasu. Gaurkotasunera etorrita, baina, XXI. mendeari dagokionez, erronka nagusia aldaketa klimatikoari dagokiona da. Giza jarduerek sortutako desoreka dela eta, Lurra ez baita gai sortzen ditugun isuriak xurgatzeko eta, horren aurrean, emisioen neutralizaziorantz abiatu beharrean gaude.

Badirudi halako arazo handi eta transbertsalaren aurka ezer gutxi egin dezakegula. Guk. Hemen, gure etxeetan. Euskal Herrian. Hiriburu zein auzo bakanduetan. Orion bertan. Baina ez da horrela. Trantsizio energetikoak justua izan nahi badu, gugandik abiatu beharra dauka, herritik. Ez inolaz Europako politikek itotako botere lekuetatik. Hala ere, alor honetan  politikagintzak duen zama nabaria da. Baina autokontsumoari dagokionez, iazko 244 Errege Dekretuak mugarri bat finkatu duenez, zer egin dezakegu guk testuinguru honetan?

Trantsizio honetan, zutabe garrantzitsuetako bat energia iturri ez-jasangarriak alboratu eta berriztagarriak indartzean datza. 2016ko datuak erreparatuz, EH mailan, kontsumitu genuen energiaren %90 kanpokoa dela aztertu zen. Bai, guk geronek, geure etxeetan, enpresetan, bigarren etxebizitzetan, eskola eta udal eraikinetan… kontsumitutakoa. Honek guztiak dakarren menpekotasun energetiko eta honenbestez, ekonomikoarekin. Beraz, zergatik ez hasi energia hemen bertan sortzen?  Posible da?

Ziurrenik, merkaturatzaile handien esku dagoela usteko duzue, baina aizue! Lotarako edo lanerako teilatupe bat dugun zortedun orok, horixe dugu. Teilatu bat. Energia sortu, eta autokontsumitzeko aukera bat. Trabak izan zirela bere garaian? Garestia dela? Bada hartu lasai, eta hasi galdetzen, hori guztiori iraganeko kontua baita.

Aurten, urte batzuez boluntario nintzen Goiener kontsumo kooperatibaren langile izatera pasa naiz. Eta gero eta gehiago dira, kooperatibak eskaintzen duen energia berdea kontsumitzeko aukera baliatzen dutenez gain, gure autokontsumo zerbitzuaren laguntzaz, etxearen kontsumo zati handi bat eurek sortutako eguzki energiaz asetzen dutenak. Iazko legedi aldaketa dela eta,  aukera berriak zabaldu dira, eta horien artean autokontsumo partekatuarena. Instalazio bakar batek, kontsumitzaile bat baino gehiago hornitzen dituelarik. Beraz, pausoz pauso, sorkuntza banatuari esker, eredu jasangarriago baten alde egin genezake.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide