"Krisientzat ez daukagu errezetarik, baina asko dibertsifikatu dugu beti"

Onintza Lete Arrieta 2020ko urr. 15a, 10:00

Esnal, bere estudioko gela batean (Onintza Lete Arrieta)

Diseinu eta ingeniaritza enpresa daukate Esnal anaiek Orion. Txinako gobernuak Xiong’An hiria eraldatu egin nahi du 2030erako, ondoren beste hiriak ere berdin garatzeko, eta lehiaketaz aukeratu du proiektu onena; bigarren gelditu dira oriotarrak. 

Asier Esnalek Igor eta Mikel anaiekin batera dauka Dhemen diseinu eta ingenieritza estudioa Orion. 400dik gora proiektu egin dituzte hogeita bost urteko ibilbidean: itsasontzi, kasko, moto...diseinuetatik hasi, makina erreminta sektoreko makinetatik pasa, eta Iberdrolarentzako kotxe elektrikoak kargatzeko hornitegietara arte. «Baita gorputzerako krema enpresa txiki-txiki batentzako potetxoa diseinatu ere», gehitu du Esnalek. Azken hilabeteetan, proiektu potoloak ere eduki dituzte esku artean. Izan ere, Txinako gobernuak Xiong’An hiria aukeratu du etorkizuneko hiriaren proiektua egiteko, eta oriotarrak bigarren gelditu dira hiri horretarako kale altzariak diseinatzeko lehiaketan. 

Zertan datza zuek aurkeztutako proiektua? 
Duela bi urte hango arkitektura talde handi batzuekin 2030. urterako hiri baten diseinu orokorra egin zuten, etorkizunean egingo diren hirientzat eredugarri izateko arlo guztietan, batez ere teknologikoki, baina baita hiria planteatzeko modua bera, energia berriztagarrien gaia, etab. Proba egin nahi dute, eta ondo badoa, beste hirietan ezarri. Eta etorkizuneko hiri hori diseinatzerakoan, eta hor sartzen gara gu, behar dituzte erabaki nolakoak izango diren ekipamendua edo kaleko altzariak: autobus geltokiak, kale-argiak...

Proiektu interesgarria dirudi. Beste herrialdeak ere ari dira halako egitasmoekin?
Badaude antzeko esperientziak bai Europan, bai Amerikako Estatu Batuetan, baina beste era batera; ez hiri oso bat, baina probak egiten dira gauza zehatzetan, eta gero zabaldu egiten dira. Txinan, berriz, Xi Jinping presidenteak hori bultzatzen badu, inpaktu ikaragarria dauka, eta esan badute 2030ean hiria prest egongo dela, egin egingo dute. 

Zuek flyscharen kontzeptua sartu zenuten aurkeztutako proiektuan. Nola laburbilduko zenuke zuen lana?
Guretzat, diseinu prozesuan, inportanteena da hasierako kontzeptuak fundamentua edukitzea, oinarri sendo bat. Behin hori lortuta, diseinua etorriko da. Igorrek segituan ikusi zuen lotura ona eduki zezakeela flyscharekin. Zergatik? Bada, hiri horren bihotza bezala delako ura: laku eta padura izugarri handiak ditu. Eta beraiek nahi zuten, ohi den bezala, sustraiak ere erakustea teknologiarekin batera. Beraz, flyscharen bitartez azaltzen genuen nola denboraren joanarekin lurra higatzen den, eta azaltzen diren guretzat gakoak diren figurak: estratu edo geruzak. Diseinua geruza horietan oinarrizen da. Gainera, flyscha ez da Zumaia inguruko fenomenoa bakarrik, mundu osokoa baizik. Sare handi bat dago, eta zati bat Txinan bertan ere bai. Hortik abiatu genuen proiektu osoa, diseinurako ere aukera mordoa ematen zuelako.

Argazkia: Dhemen estudioa


Diseinurako aukera mordoa, zer zentzutan?
Materialekin jolastuta, adibidez. Batzuk teknologikoagoak dira, beste batzuk tradizionalagoak... Esaterako, han ihia edo junkoa oso ohikoa da, oso tradizionala. Horrez gain, geruza horietan teknologia integratu daiteke: argiak, sentsoreak, etab.

Erronka handiena zer izan da?
Altzari guztiei koherentzia ematea, hizkuntza formala bera izatea. Ez baita gauza bera kale-argi bat diseinatzea, banku bat, zakarrontzi bat edo autobus geltoki bat. Hori zen erronka. 

Zeinek hartu zizueten aurrea? Txinatarrek, edo...
Uste dut italiarrak direla. Baina sekulako mailako enpresek hartu zuten parte lehiaketan; bat Beijingo estadioa egin duena, beste bat estudioak dituena Tokyon, Shanghain, Amsterdamen eta New Yorken .... Guretzat izugarria izan da. Gainera, aurreneko aldia zen halako lehiaketa batera aurkezten ginena.  

Zein da sekretua halako lehiaketa garrantzitsu bat ia-ia irabazteko? Egingo zenuten hausnarketa edo balorazioren bat...
Egia esan, ez. Egunerokoak ez dizu denbora asko ematen halako hausnarketak egiteko, edo pentsatzeko, perspektiba pixka batekin, honek nolako eragina zan dezakeen enpresaren etorkizunean. Inork ez daki, gainera, mundua oso azkar doalako eta gauzak oso aldakorrak daudelako. Dena dela, hau ez da loteria bat, guk Txinara bidaiatzen urteak daramatzagulako. 1999an joan ginen aurreneko aldiz. 

Pasatu da denbora pixka bat ordutik...
Bai, bai. Garai hartan hemengo bezeroekin joaten ginen, hemen egiten ziren proiektuak han gauzatzen zirelako. Gero, harreman estua egin genuen hango enpresaburu batekin, moto bat diseinatu genuen, esaterako, eta estudio bat ere eduki genuen han. Alegia, prozesu luze bat bizi izan genuen. Eta gure ondorioa zera izan zen: Asia asko mugitzen ari dela, oso dinamikoa dela, fabrika pila bat eta diseinatzaile pila bat daudela, eta hemen ez daukagula horren berri, eta gurean, diseinuan, adi egon behar dugu gertatzen ari denari. Horregatik, enpresa batekin akordio batera iritsi ginen, eta orain, esan genezake gure presentzia haiek direla Txinan. Haiek eman ziguten lehiaketaren berri, eta taldea osatu genuen China Academy of Arts-eko ikasleekin–hiru urte generamatzan elkarlanak eginez haiekin–. Beraiek egin zuten azkeneko aurkezpena, baita diseinuak maketa bihurtu ere. Izan ere, denbora asko behar da gauzak hemendik hara bidaltzeko.

Argazkia: Dhemen estudioa


1995ean zabaldu zenuten estudioa. 
Bai. Igorrek Bartzelonan ikasi zuen diseinu industriala. 1992an han jokatu ziren Olinpiar Jokoak, sekulako aldaketak egin zituzten hirian, oso puntakoak, eta berak bizi zuen giro hura guztia. Esaten zidan Kataluniako diseinatzaile askok lortzen zituztela lanak Euskal Herrian, eta guk hemen jarri behar genuela estudioa. Ni Enpresa Zientziak ikasten amaitzen ari nintzen, eta hala jarri genuen martxan Dhemen diseinu estudioa. Gure oinarria produktua da, eta horren arabera, diseinua egiten dugu, edo diseinua eta exekuzioa, osoa.

400 proiektu baino gehiago diseinatu ditu Dhemenek. Baduzu kutunik? 
Badakit topikoa dela, baina proiektu bakoitzak bere testuingurua dauka, eta badago Alemanian Red Dot saria irabazitakoa ere –jendeak ulertzeko, zinemako Oscarren parekoak dira, baina diseinuaren munduan– baina ez zait beste batzuk baino garrantzitsuagaoa iruditzen. Esaterako, badugu bezero bat, bizitza osoa daramana gorputzerako kremak egiten, Gasteizko 60 urteko andre bat da, eta harekin lan egiteak agian gehiago betetzen nau proiektu handiago batek baino.   
Ekonomia krisi bat baino gehiago pasa dituzue urte hauetan. Pandemiak sortutako oraingo krisialdi hau nola ikusten duzue?
Galdera ez da erraza. Era aldaketa bat datorrela uste dugu. Aurrena globalizazioa izan zen, gero digitalizazioa, eta hau beste bat da. Zer gertatzen da? Aldaketa hauek gero eta azkarrago etortzen direla, eta hemen malgua ez dena... Oraingo hau geratzeko datorrela uste dugu; berriro ez gara bueltatuko lehengora. Zenbateraino edo nolakoa izango den? Ez dakit. Baina aldaketara moldatzen dena ondo, eta ez dena moldatzen... Industrian robotak bezala. Aspalditik entzuten da lana kenduko dutela; ba batzuei bai, baina besteei lan gehiago emango diote. Guk ez daukagu errezetarik, baina betidanik egin duguna da asko dibertsifikatu sektoreetan. Batzuk asko sufritzen ari dira, baina beste batzuk, osasungintzakoak, esaterako, topera dabiltza. Bestalde, uste dut Euskal Herrian enpresez asko hitz egiten dela, eta gutxi markez. Hemengo markak galtzen ari dira, eta markak beharrezkoak dira erabakiguneak ere bertan egoteko; lanpostuei buruz ez dute lantegiek erabakitzen, enpresek baizik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide