Osasun krisiak sei hilabete

"Dezenteko kezka eragiten dit zientziaren aurkako jarrera horrek"

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 17a, 07:53

Sei hilabete bete dira koronabirusaren izurriteak mundua kolpetik irauli zuenetik. KARKARAk elkarrizketa sorta bat egingo du, hainbat esparrutako herritarrek izandako bizipenak biltzeko. Beñat Karrera irakaslearen hausnarketa, hementxe.

Iruñeko ikastetxe batean DBHko irakaslea da Beñat Karrera oriotarra. Martxoan ere hala zen, eta konfinamendua ezarri zutenetik sei hilabete pasa diren honetan, azaldu du hasierako sentsazioak ez daukala zerikusirik oraingoarekin. "Zerbait motza izango zela zirudien hasieran, pare bat hasteko kontua ikasleak etxera joatea, eta berriro itzuliko ginela eskolara. Orain ikusten dugu luzerako izango dela". Iazko ikasturtearen balorazioaz galdetuta, Karrerak esan du "agintarien partetik inprobisazio handi bat" izan zela. "Hezkuntza komunitate osoa nola edo ahala moldatu zen, baina inongo oinarririk ez zuen inprobisatutako zerbait izan zen, momentua salbatzeko helburuarekin. Hezkuntza alde batera utzi zen, hezkuntzaren kalitatea bazter gelditu zen". 

Karrerak azaldu du beraiek zortea izan zutela, ordurako plataforma digitalak erabiltzen zituztelako ikastetxean bertan ikasleekin. "Baina oso zaila da gauzak ondo egitea, egun batetik bestera esaten dizutenean etxetik eman behar dituzula eskolak. Inor ikusi gabe hiru hilabetez eskolak ematea konplikatua da, eta ahal bezala egin zen".

Aurten "prestatuago" ikusten du hezkuntza arloa, baina "ikasturte hasiera honetan ziurgabetasun egoera handian gaude, ez dakigulako zer gertatuko den. Oraingoz aurrez aurreko eskolak ematen ari gara, baina gerta daiteke etxetik aritu beharra berriz ere, edo erdi eta erdi. Eta hiru aukera horietarako ari gara prestatzen guztia".

Zientziaren aldeko mezua

Honek guztiak irakaspenen bat eman badio, hori da "horrelako gauzak gerta daitezkeela mundu globalizatu honetan, gauza oso gogorra gertatu dela, eta moldatu egin behar dela dagoen egoerara". Kritikak ere baditu, bai agintarientzat, bai gizartearen zati batentzat: "Batetik, oso eztabaidagarria iruditzen zait pandemiaz agintari batzuek egin nahi duten erabilera. Bestetik, negargarria da zientziaren aurka agertzen ari diren ikuspegiak. Badirudi hemen edonork dakiela zientziaz eta zientzialari bat baino gehiago dela, eta eztabaidatu dezakeela zientzialari batek dakienaren inguruan. Badirudi Interneten ateratzen den guztia egia dela, baina hor jende ezjakin asko dago, eta beste jende ezjakin asko engainatzen ari da. Dezente kezkatzen nau zientziaren aurkako jarrera horrek".

Karreraren arabera, Espainia da zientzian diru gutxienetakoa inbertitzen duen estatua, eta kritikatu du zientzialariak "lan baldintza kaskarretan" aritzen direla lanean, "ikasketa altuak eduki arren".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide