Aizperro eta Izeta VI. ez dira sailkatu III.Euskal Pentatloi Sariaren finalerako

Aitziber Arzallus 2020ko ira. 7a, 08:58

Larunbatean izan zen probaren finalaurrekoa Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita. Edukiera muga dela eta, iaz baino sarrera gutxiago jarri zituzten salgai, baina, hala ere, jende ugari hurbildu zen kirol jaialdiaz gozatzera. Sei sailkatuek hilaren 26an jokatuko dute final handia, toki berean.

Baditu finalistak III. Euskal Pentatloi Sariak: Xabier Zaldua, Julen Gabirondo, Xabier Orbegozo Arria V.a, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares. Larunbatean, irailak 5, jokatu zuten finalaurreko proba Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita, eta eguraldiak lagundu ez bazuen ere, jende ugari joan zen kirol jaialdia bertatik bertara ikustera. Koronabirusa zabaltzea saihesteko beharrezko neurri guztiak hartuta antolatu zuten jaialdia. Besteak beste, iaz baino sarrera gutxiago saldu ahal izan dituzte aurten, eta elkarren arteko tartea zainduta eseri behar izan zuten ikusleek. Neurri horiek, baina, ez zuten eraginik izan zezen plazako giroan, eta gozatua hartu zuten hara joandako herritarrek.

Ehunka ikusleren begiradapean eta animo artean aritu ziren nor baino nor finalaurrekoa jokatu zuten hamabost kirolariak: Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra, Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarra, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra, Jagoba Otaegi aizarnarra, Beñat Amade algortarra, Ousmane Drame barakaldarra, Iñaki Errazkin tolosarra, Aratz Mugertza mutrikuarra, Jon Gisasola Zelai V.a mallabiarra, Daniel España segoviarra, Julen Kañamares arostegiarra, Julen Gabirondo urnietarra, Unai Ardeo getxotarra eta Xabier Zaldua zumarragarra —aurreko bi urteetako irabazlea—. Luis Txapartegi aizarnarra ere parte hartzekoa zen berez, baina lesio bat tarteko, ezin izan zuen. Dena dela, zezen plazan izan zen hura ere, Otaegi herrikideari laguntzen.

Parte hartzaileek bosna lan egin behar izan zituzten finalaurrekoan. Aurrenik, 100 kiloko harriari hamar jasoaldi egin zizkioten. Ondoren, giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin zuten. Aizkora izan zen egin behar izan zuten hirugarren lana: kirolari bakoitzak kanaerdiko bat eta 45 ontzako enbor bat ebaki zituen. Horren ostean, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza egin zituzten, eta, bukatzeko, zezen plazari hamar buelta –kilometro bat– eman zizkioten, lasterka. Lan guztiak amaituta denborarik onena lortutako sei kirolariek soilik lortu zuten hilaren 26ean Azpeitiko zezen plazan jokatuko den final handirako txartela.

Bost txandetan jokatu zen proba. Aurreneko txandan Izeta VI.ak, Zalduak eta Dramek neurtu zituzten indarrak; aise gailendu zen Zaldua, txandako bigarrenari, Izeta VI.ari, hiru minutuko aldea aterata. Bigarren txanda Peñagarikañok, Aizperrok eta Zelai V.ak jokatu zuten, eta hor ere Peñagarikanok erraz gainditu zituen beste biak. Hirugarren txandan Errazkin, Amade eta Mugertza aritu ziren; Errazkinek ia bi minutuko aldea atera zion txanda horretan bigarren sailkatutako Mugertzari. Laugarrengoan, Arria V.a, España eta Kañamares lehiatu ziren; hasieran Kañamares eta Arriak V.a nahiko parean hasi diren arren, errezialdarrak aizkoran aurrea hartu zion lehiakideari, eta minutu pasatxoko aldearekin bukatu zituen lanak. Bosgarren eta azken txandan, berriz, Gabirondo, Otaegi eta Ardeo jardun ziren buruz buru. Urnietarrak erakustaldia eman zuen, eta nagusitasunez gailendu zitzaien beste biei, finalaurreko bigarren denbora onena lortuta. 

Lan guztiak amaitzen azkarrena Zaldua izan zen, 12 minutu eta 50 segundoko denbora eginda. Aipatzeko da iaz Joseba Otaegik jarritako 13 minutu eta 29 segunduko denbora aise hobetu zuela zumarragarrak, eta arratsaldeko bigarren sailkatuari minututik gorako aldea atera ziola. Hain zuzen ere, Gabirondo izan zen bigarren sailkatua, 14 minutu eta 4 segundoko denbora lortuta. Haren atzetik sailkatu zen Arria V.a, 14 minutu eta 24 segundoko denborarekin. Peñagarikano sailkatu zen laugarren, 14 minutu eta 28 segundoko denbora eginda. Errazkin izan zen bosgarren, 14 minutu eta 40 segundorekin. Eta finalerako azken txartela Kañamaresek eskuratu zuen, lan guztiak 15 minutu eta 40 segundotan bukatuta. 

Finalean, lan bikoitza

Irailaren 26an, larunbatarekin, jokatuko da III. Euskal Pentatloi Sariaren finala Azpeitiko zezen plazan. Hitzordu horretan are proba gogorragoak egin beharko dituzte kirolariek. Izan ere, 100 kiloko harriari hogei jasoaldi egin, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta korrika hiru kilometro osatu beharko dituzte. Jaialdi horretan inguruko xehetasun gehiago datozen egunetan emango dituzte antolatzaileek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide