Koronabirus kasu bana detektatu dute Orion eta Aian azken orduetan

Julene Frantsesena 2020ko ira. 1a, 14:43

Azkoitian hiru positibo, Errezilen bi, eta Azpeitian, Aian, Orion eta Zarautzen kasu bana detektatu du Osakidetzak. Azken orduetan 7.163 PCR proba gauzatu ditu Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orotara, 445 positibo atzeman. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi ditu azken orduetako PCR proben emaitzak, eta Urola Kostan, guztira, bederatzi kasu atzeman ditu. Hain zuzen ere, Azkoitian hiru positibo, Errezilen bi, eta Azpeitian, Aian, Orion eta Zarautzen kasu bana detektatu du Osakidetzak. Azken egunetan ari dira positiboak detektatzen, baina duela egun batzuk baino gutxiago dira herri gehienetan. Azpeitiko Alde Zaharreko koronabirus agerraldia, adibidez, “kontrolpean” dago dagoeneko Azpeitiko Udalaren eta Osasun Sailaren arabera.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere behera egin du positibo kopuruak azken egunetan. Dena den, azken orduetan 445 positibo atzeman dituzte, atzo baino 36 gehiago. Hala ere, joan zen asteko datuekin alderatuta, jaitsi egin da positibo kopurua –zapatuan emandako datuen arabera, 861 positibo detektatu zituzten, orain arteko gehien–. Positiboen jaitsierak egindako PCR kopuruarekin izan dezake lotura; izan ere, azken orduetan 7.163 proba gauzatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –ostiralean, berriz, 10.004 gauzatu zituzten–.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien: 194. Gipuzkoan, berriz, 146 atzeman dituzte, eta 89 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamasei lagunek ere positibo eman dute probetan. 

Gaur egun 249 lagun daude ospiraleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 33 daude ZIUn. Atzoko datuen arabera, 46 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan. RO indizea, berriz, 1,04 da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide