Osasun Sailak eman dituen datuen arabera, 21 kasu berri zenbatu dituzte azken 24 orduetan Urola Kostan. Azpeitian hamahiru kasu hauteman dituzte, Zarautzen bost eta Azkoitian, Orion eta Zumaian kasu bana. Gainontzeko herrietan, berriz, ez da kasu berririk izan. Azpeitiko kasuen gorakadaren inguruan, Azpeitiko Udalak jakinarazi du kasu berri horietatik zortzi aurrez birusa zutenekin kontaktu zuzena izan dutenak direla, eta etxean berrogeialdia egiten aritu direnak. Horrez gain, udalaren arabera Osakidetzak Azpeitiko agerraldia ez du fokutzat hartuko astelehenetik aurrera, betiere egungo egoera mantentzen bada.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, atzoko datu bera izan da: 764 positibo. Kasu horietatik gehienak Bizkaian atzeman dituzte, 432 kasu; Gipuzkoan, berriz, 225 kasu berri izan dira, eta Araban, 94. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen kasuan, berriz, 13 izan dira PCR proban positibo eman dutenak. Atzo, guztira, 9.176 PCR proba egin zituen Osakidetzak, herenegun baino 423 gehiago.
Ospitaleratutako gaixoen kopuruak ere goranzko joera du, 225 lagun baitaude erietxeetan, atzo baino 8 gehiago. ZIUn dauden gaixoak, berriz, 32 dira.