Ze asmorekin sortu da lankidetzan oinarritutako Kultura eta Sormen Industrien sektoreko online topaketa?
Topaketa hauek sortu dira kultura eta sormenaren alorrean betidanik ikusi dugun lankidetzarako beharretik. Autonomia Erkidegoko Garapenon Agentziatik mahai bat eratuta daukagu; kultura eta sormenaren alorra sektore ekonomiko bezala bultzatzeko lanean dabiltzan hainbat Garapen Agentziak osatzen dugun mahaia, hain zuzen ere. Ekimen ezberdinak egiten ditugu, eta argi geneukan sektorean lankidetza bultzatzeak duen garrantzia. Aurten, gainera etorri zaiguna ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa dela iruditu zaigu gaiarekin aurrera egitea, eta daukagun egoerara egokitzea.
Aurretik egin duzue antzekorik?
Iaz izan genuen estreinako esperientzia Urola Kostako Udala Elkarteak eta Bidasoa Bizirikek. Antzerako formatua egin genuen bi eskualdeak, elkartrukeko esperientzia bat, lankidetza bultzatu nahian, eta gainerako Garapen Agentziei egokia iruditu zitzaien. Orain, bi agentziek Gipuzkoan egin beharrean, hori zabaldu eta hedapen gehiago ematea erabaki zen. Beraz, Gipuzkoa eta Bizkaira zabaldu dugu aurten, bi lurraldeko Garapen Agentzien artean antolatzea.
Aurten bi lurraldetako sei proiektu aurkeztuko dituzue topaketan.
Hori da, bai. Hiruna agentzia gara Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak, eta seiok ari gara Garapen Agentzion Elkartearen eskutik egitasmo guztia antolatzen. Garapen Agentzia bakoitzari dagokion eskualde edo lurraldetik aukeratu dugu proiektu bana, eta era horretara partekatuko dugu topaketan. Modu oso ezberdinetako proiektuak daude.
Urola Kostako ordezkari bat ere izango da: Uhina Matt. SM Koprodukzioa. Nola izan da aukeraketa?
Kultur eta Sormen alorreko eragile guztiak dira garrantzitsuak guretzat. Kasu honetan, lankidetza sustatzeko ekimena denez, iruditzen zitzaizun inportantea alor horretan esperientzia zeukan jendea izatea. Uhinaren kasuan, beste gai batzuengatik izan dugun harremanagatik, bagenekien lankidetzarako egitasmoak bazituela, eta, orduan, galdetu egin genion. Edonola ere, garbi utzi nahi dugu bilatzen duguna dela aurkeztuko den proiektua interesgarria izatea bere horretan, baina ez bakarrik Garapen Agentziontzat, baizik eta hartzaileentzat ere bai. Azken finean, lanketa bat egin dugu agentzion artean, aurkeztuko den proiektu multzo hori zein izango den erabakitzeko.
Topaketa bihar bertan izango da, eta plaza kopuru mugatua du. Zer moduz doa izen ematea?
Izen-ematea martxa politean doa, eta oraindik geratzen da plazaren bat. Norbait kanpoan geratuko balitz, ondorenean aurkeztutako proiektuen informazioa jasotzeko aukera emango genuke. Gure asmoa da saioa bera ere grabatzea, eta parte hartu ez duten horiek ondoren ikus dezaten. Baina betiere aberasgarriagoa da zuzenean parte hartzea, eta galderak egiteko aukera izatea.