Oraingoan ere sartu digute ederki ziria. Gobernuek tekla egokia sakatu dute, ezezagun eta ikusezina den etsai bat irudikatuz osasunaren izenean etxean kartzeleratzeko. Gainera, ezin da kexatu. Etxean kartzeleratzea gure erabaki solidarioa dela sinetsi dugu, hausnarketa baten bidez ingurukoak eta natura zaintzea erabaki bagenu bezala. Ez dut zalantzan ipini nahi etxealdia birusaren zabalkundea mozteko neurri bezala. Baina egiteko modua bai, erabaki guztien atzean aukera bat baino gehiago dagoelako. Ez baita posible kritikatzen genuen sistema, egun batetik bestera, solidario bilakatzea. Agintariek erabaki dute, etxea ez den beste edozein leku oso arriskutsua dela; hori bai, lana eta erosketak egitea segurua eta beharrezkoa da, baita AHTaren lanak ere.
Itxialdiak kartzelaldi bilakatu dira. Indibidualismotik, bizilagunak zelatatu eta salatzeko legitimitatea ezarri diogu geure buruari, kalean dabilen polizia eta ejertzitoaren txibatoak bilakatuz. Solidaritatea deitzen diogu etxean geratzeari gure burua zaintzeko, ondoko atetik barrura gertatzen dena berdin zaigunean.
Krisi honek bi gauza utzi ditu agerian: sistemak zituen zuloak, eta agintariek nahi izanez gero, neurriak azkar har daitezkeela. Hala ere, birusaren aurrean denak berdinak izateko ezer gutxi egin dute. Denak ez gaudelako egoera berean. Denok ezin dugu elikadura osasuntsua eduki, denok ez gara txaletetan bizi. Denok ez dugu telelana egiteko aukera edota garraio pribatua. Zaintza arloa prekarietatetik eta feminizaizotik ateratzeko ezer gutxi egin da. Garbitzaile zein erizainen gehiengoa emakumezkoa da. Baita etxeetan borondatez josten ari direnak ere. Agintariek ezarritako laguntzak banketxe eta enpresa handiei begira eginak dira, langileon horiekiko katea estutzeko asmoz. Ea banketxeei noiz itzularazten dieten aurreko krisian emaniko prestamoa. Oinarrizko produktuak bakarrik eros daitezke dendetan; interneten, aldiz, edozer. Bertako produktuak saltzeko azokek supermerkatuek baino neurri zorrotzagoak dituzte. Nola ez, txertoa Afrikako “beltz gaixoekin” probatuko da. Zerbitzu publikoetan eginiko murrizketa ordaintzen ari gara, baina ez da zalantzan ipintzen EAJren gestio onaren mitoa.
Egunotan, solidaritate hitza dabil bolo-bolo. Solidaritatea ez da soberan daukaguna banatzea. Solidaritatean, epaiak ahaztuz bestearen lekuan ipini behar da, bestela deitu diezaiogun karitatea. Laguntzen aitzakian, moral jakin batek baztertzen dituen bizi ereduak zigortuz, gizartea bideratu nahia ez da solidarioa. Beraz, beldurraren gizartea alboratzeko, bota komunetik behera europar zuriok barruan ditugun zipaio frustratu eta jendea epaitzeko nahia. Soilik horrela lortuko dugu euren mailan ez hiltzea eta gurean bizitzea.