Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri du “osasun egoerak aukera emanez gero” ikasleak pixkanaka ikasgeletara itzultzen hasiko direla maiatzaren 18an. Hain zuzen ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak aurrez aurreko eskoletara mailakatuta itzuliko direla adierazi du hark, eta hainbat neurri hartuko dituztela ere zehaztu du, hezkuntza sistemako hainbat eragilerekin egin duen bilkuraren ostean.
Batxilergoko bigarren mailako ikasleak, Lanbide Heziketako goi mailako zikloetakoak lehen eta bigarren mailakoak eta erdi eta oinarrizko mailetako bigarren ikasturtekoak. Uriartek aurreratu duenez, horiek maiatzaren 18an, astelehenez, hasiko dituzte eskolak berriz ere, eta hainbat segurtasun neurri hartuko dituzte. Handik astebetera, hilaren 25ean, DBHko laugarren mailako ikasleak, Batxilergoko lehen mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen mailakoak itzuliko dira ikastetxeetara.
Aurrez aurreko eskolak gauzatzeko hainbat segurtasun neurri hartuko dituzte adierazi du Hezkuntza sailburuak, baita bestelako neurri batzuk ere. Besteak beste, egunean bost orduko eskola jarduna eskola egingo dute, eta gainera, ikasleek, irakasleek nahiz hezkuntzako gainerako profesionalek maskarak erabili eta distantziak zaindu beharko dituzte. Ikastetxeetarako sarrera-irteerak “zaindu” egin beharko dituztela ere esan du Uriartek, horiek ere “mailaka” egin beharko direla adierazita.