KARKARAren taldea martxan izango da bihar hasiko den Egunean Behin jokoko laugarren denboraldian

Karkara 2020ko api. 26a, 18:32

KARKARAk bigarrenez jarriko du taldea martxan, eta hainbat sari banatuko ditu denboraldia aurrera joan ahala. Uztailera bitartean, hamar asteko denboraldia osatu du Codesyntax enpresak, eta parte-hartzaileen bost aste onenak hartuko dituzte kontuan sailkapen orokorra osatzeko. Dagoeneko batu daiteke KARKARAren taldera.

Bihar, astelehena, hasiko da Egunean Behin mugikorrerako jokoaren laugarren denboraldia, eta KARKARAren taldea martxan izango da sasoia bukatu bitartean. Uztailera arte, hamar asteko denboraldia prestatu du jokoa garatu duen Codesyntax enpresak, eta ohiko moduan, sailkapen orokorra osatuko dute. Aurreko denboraldiaren logika beretsua erabiliko dute oraingoan ere: hamar astetatik jokalari bakoitzaren bost onenak hartuko dituzte kontuan sailkapen orokorra osatzeko. Sailkapen orokorreko onenek –kopurua ez dute zehaztu– finala jokatuko dute.

KARKARAk bigarrenez jarriko du taldea martxan, eta hainbat sari banatuko ditu. Sariak aurrerago jakinaraziko ditu komunikazio taldeak, baina denboraldiko jokalari onenaren sariaz gain, beste batzuk ere banatuko ditu parte-hartzaileen artean. KARKARAren taldean parte hartzeko Egunean Behin aplikazioa deskargatu behar da Google Play edo App Store plataformetatik. Aplikazioaren behealdean kokatzen den Taldeak atalean, (+) ikurra zapaldu, giltzaren gainean klik egin eta 17D4FA kodea sartu behar da; erabiltzaileak gisa horretan lortu du KARKARA izeneko taldera batzea. Jokoa astelehenean hasiko bada ere, taldera batzeko aukera dago jada.

Izenak dioen moduan, egunean behin jokatu daiteke sakelako telefonorako egindako aplikazioan. Hamar galdera erantzun behar dituzte erabiltzaileek ahalik eta denbora laburrenean, eta puntuazioaren arabera, astero sariak banatzen dituzte jokoaren sustatzaileek. Izan ere, astekakoa izaten da sailkapena, astelehenetik igandera bitartean lortutako emaitzen araberakoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide