Ez dute koronabirus kasurik atzeman azken orduetan eskualdean, krisia hasi zenetik lehendabizikoz

Karkara 2020ko api. 21a, 14:21

Ez da kasu positibo berririk detektatu Urola Kostan azken 24 orduetan; Orion 16 lagun jo ditu gaitzak denera, eta Aian 3, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera.

Krisialdiaren amaiera oraindik urruti ikusten bada ere, badaude itxaropenerako datuak. Azken 24 orduetan ez da koronabirus kasu berririk izan Urola Kostako eskualdean. Kasuak kontatzen hasi zirenetik lehen aldiz gertatu da hau.

Hala, bezperako datuak mantentzen dira. Eskualdean 211 kasu positibo metatu dira. Horietatik 112 Zarautzen zenbatu dira, 47 Zumaian, hamasei Orion, hamalau Azkoitian, hamar Azpeitian, lau Zestoan, hiruna Aian eta Getarian; eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirus kasurik izan. 

Zenbakiak horiek dira, baina kontuan hartu behar da denbora honetan sendatu edo zendu diren bizilagunak badirela. Beraz, ezin da jakin ziurtasun guztiarekin zenbat lagun dauden gaur egun Covid-19 gaitzaz gaixorik.

Lurraldekako datuak
Osakidetzak jakinarazi duenez, koronabirusa atzemateko 2.088 test egin dituzte azken orduetan, eta 183 kasu berri hauteman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bestalde, azaldu dute 24 lagun hil direla gaitzaren ondorioz azken orduetan. Guztira, 1.103 pertsona hil dira krisialdiaren hasieratik.

Nafarroan berriz, 4.831 koronabirus kasu atzeman dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta 397 lagun hil dira gaitzaren ondorioz.  

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuak kontuan hartuta, guztira, 17.641 lagun kutsatu dira COVID-19arekin kontaketa hasi zenetik. Dena dela, nabarmendu behar da Hego Euskal Herriko 8.467 herritarrek jaso dutela dagoeneko senda agiria. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide