Familiatik datorkiguna

Estibaliz Arruti Lazkano 2020ko api. 10a, 09:00

Estibaliz Arruti Lazkanok KARKARA aldizkariko "Osasuna" atalean argitaratutako artikulua.

Lehengo batean, familia harremanei buruz hitz egiten ari ginela, psikologiako kontzeptu bat etorri zitzaidan gogora. Gure jokabide, harremantzeko era, sufrimendu eta abarrak hobeto ulertzen lagungarria izango delakoan, artikulura ekartzea erabaki dut. Atxikimendua da ideia hori; gaztelaniaz, "apego".

Pertsonon izaera behar bezala aztertzeko, oinarrizkoa da familia harremanei erreparatzea. Familia unitateak garrantzia handia du nor eta nolakoak garen ulertzeko, besteengandik espero duguna definitzeko edo harremantzeko era zehazterako garaian. Gurasoek seme-alabei hitz egiten dieten moduak, helduen motxilak —historiak—, era kontziente edo inkontzientean transmititzen diren baloreak edo elkar maitatzeko moduak eragin handia izango dute pertsona bakoitzaren garapenean; haurtzaroan, batez ere.

Atxikimendua haurraren eta hurbilen dituen zaintzaileen —normalean, gurasoak— artean garatzen den lotura afektiboa da, eta osagarri biologikoak eta psikologikoak ditu. Eraikuntza nahikoa konplexua izan ohi da pertsonengan. Atxikimendua umearen lehen urtetan finkatzen da, eta garai horretan sortzen denak, eragina izango du bizitza osoan zehar.

Kontzeptua Mary Ainsowrth psikologo eta doktore amerikarrak sortu zuen 1967an, baina atxikimendu terminoa aurrerago jarri zioten. Ume txikiek estimulu desberdinekiko zituzten jokabide eta erantzunak deskribatu eta sailkatzeko ahalegina egin zuen Ainsworthek. "Egoera arrotza" deitu zion bere behaketari, inork Interneten informazio gehiago bilatu nahi badu. Hiru taldetan sailkatu zituen haurren jokabideak eta erantzunak: seguruak, larritasun handiko anbibalenteak eta ekiditezkoak. Hirurek eskala osatzen dute, kasuaren edo egoeraren arabera pertsonak multzo batean, bestean, edo multzoen artean kokatzeko. Geroago, laugarren multzoa ere gehitu zen: atxikimendu nahasia.

Ainsworthek behaketa haurrekin egin arren, gerora, atxikimenduaren teoria adin guztietan aplikatzen da, pertsonak multzotan banatuz. Atxikimendu segurua duten pertsonek orientazio seguru eta optimista izaten dute, eta gehiago edo gutxiago, erraztasunez hurbiltzen dira besteengana, eroso. Ondo kudeatzen dute besteekiko dependentzia, eta besteek beraiekiko dutena ere bai. Ondo toleratzen dute bazterketa. Bigarren multzokoek, besteen babesa eta gertutasuna indar handiarekin desiratzen dute. Zalantza handiak izaten dituzte harremanetan duten rolaz eta besteek haiengan duten iritziaz. Hirugarren taldeko pertsonak ez dira eroso sentitzen gertuko harremanetan, eta gaizki kudeatzen dute beste batekiko izan dezaketen dependentzia. Emozionalki distantziarekin jokatzea lehenesten dute.

Gizaki sozialak garen heinean, harremanetan nola jokatzen dugun ezagutu eta ulertzeak asko balio du; besteak beste, eguneroko bizitzako egoera eta esperientziei aurre egiteko. Gurasoengandik jaso duguna aztertzea oso baliagarri izango zaigu autoezagutzarako, tarteka, gustatzen ez zaizkigun gauzak onartzera behartuko bagaitu ere. Motxilan zer daramagun ondo jakinez gero, orekatuago eta osasun mental hobearekin biziko gara.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide