Koronabirus kasu berri bat atzeman dute Orion, hamalaugarrena

Karkara 2020ko api. 7a, 14:54

Azken egunetako joera jarraituz, COVID19 kasu berri bat atzeman zuten atzo Orion. Positibo berriarekin, hamalau dira gaitzak jotako herritarrak. Aian, berriz, ez da kasu berririk atzeman.

Egunez egun handitzen ari da COVID-19 gaitzarekin gaixotutako lagun kopurua Urola Kostan, eta Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian jakinarazi dituen datuen arabera, eskualdean 168 lagunek eman dute positibo koronabirusaren krisia hasi zenetik. Hala, azken 24 orduetan, zortzi kasu berri atzeman dituzte eskualdean. Zarautz da gaitzak jotako herritar gehien dituen eskualdeko herria; 89 lagun daude gaixo, eta horietatik zazpi kasu baieztatu dituzte azken orduetan. Zumaian 34 herritarrek dute koronabirusa, eta Orion 14k; izan ere, Orion kasu berri bat atzeman dute azken orduetan. Azpeitian 8 dira gaixorik daudenak, eta 7 Azkoitian. Getarian eta Zestoan 3na lagunek dute gaitza, eta Aian eta Aizarnazabalen 2na herritarrek.

Hego Euskal Herrian, berriz, dagoeneko 12.376 lagun daude kutsatuta, eta 788 hil dira gaitzaren eraginez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.021 kasu positibo baieztatu ditu Osakidetzak orain arte, eta 211 azken orduetan atzemandakoak direla jakinarazi du. Gainera, gaitza zuten 38 lagun hil dira herenegundik eta, guztira, 586 dira COVID-19aren eraginez zendu direnak.  

Nafarroan berriz, 3.355 dira COVID-19 gaitzarekin kutsatuak eta 202 hildakoak. Hala, azken orduetan,  104 positibo berri eta 15 hildako zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide