Miren Salsamendi: "Batzuek umore txar hori musikara edo umorera bideratu beharko lukete"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko api. 2a, 13:57

Autismoa duten gaztetxoek kalera ateratzeko baimena dute egunotan, eta kalapita sortu dute baimen horren aurrean zenbait herritarrek izandako erantzunak eta horri emandako konponbideak. Miren Salsamendi Berdin-Berdinak elkarteko lehendakariak gaiaren inguruan daukan ikuspuntua azaldu du.

Hamaika gazte aritzen da kirol jardueretan Berdin-Berdinak elkartearen bidez, eta bertako lehendakari den Miren Salsamendiren arabera, bakarra da kasu bakoitza. Konfinamendu egoeran autismoa dutenek etxetik ateratzeko baimen berezia dute, baina eztabaida piztu da gaiaren inguruan. Zenbait herritarrek balkoietatik oihuka eta irainka hartu dituzte etxetik ateratzeko beharra duten gazte horiek prentsan atera denez eta, hori dela eta, besoan zinta urdin bat dutela ateratzera gonbidatu dituzte, jendeak jakin dezan pertsona hori behar berezia duelako dagoela kalean.

Salsamendik azaldu du badirela autismodun gazte batzuk "oso zaila" egiten zaienak eremu txikian horrenbeste denbora igarotzea, baina ez dela hori guztien kasua. "Nire semea, esaterako, zoriontsu da etxean sartuta". Zinta urdinaren kontua ez du oso gustoko, baina azpimarratu du iritzi guztiak "zilegi" direla bere ustez. Dena den, bere arabera, besteek egiten dutenarekin sartze horretan zenbaiti burua joaten ari zaio. "Nik ere balkoia daukat eta ikusten dut jendea kalean, baina ez naiz inor ezer esateko. Norberak izan behar du kontziente egiten ari denaz. Nik ez dakit kaletik dabilenari zer gertatzen zaion eta zergatik dagoen hor, eta ez naiz inor hori epaitzeko". Iritziak iritzi, kaletik irainak jaso dituztenek kibizta urdin bat jartzea badute konponbidetzat, "oso ondo" iruditzen zaio hori egitea. "Eta ez duenak nahi behi bat bezala markatuta ibiltzea kaletik, ba ez dezala egin", eman du jakitera. Batzuek daukaten "umore txar hori" musikara eta umorera bideratu beharko lukete elkartekoaren ustez.

Hain zuzen, egoerari aurre egiteko bere sekretua horixe dela azaldu du: "Noizean behin bideo barregarriak bidaltzen ditut nire buruari barre eginez". Bakoitzak aurrera egiteko bere modua dauka, eta elkarteko gainontzeko kideak animatu ohi ditu Salsamendik proposamenak egitera. Horren anitza da beren taldea, ezen lehendakarian azaldu duen gaizki daukatela izena jarrita: "Berdin-Berdinak beharrean, Ezberdin-Berdinak izan beharko genuke". Horregatik, defendatzen du "bakoitzak bere errekurtsoak" topatu behar dituela.

Elkartea mantentzeko lanetan

Gaur Autismoaren Nazioarteko Eguna bada ere, Berdin-Berdinakek ez du deialdi berezirik egin. Dena den, elkartearen egitura mantentzeko lanean ari dira, beraiei ere eragin baitie itxialdiak. Lanerako aldi baterako erregulazio txostena indarrean jarri behar izan dute beren langileak mantentzeko helburuarekin. Langile gehienak aniztasun funtzionalean formazio berezia duten kirol monitoreak dira, eta ekainera arteko kontratazio kontuak konpontzea lortu dute, hau dena igarotzen denean elkartearen egiturari eutsi ahal izateko.

Hala, kontuak baretzean jarraitu ahal izango dute Gipuzkoa osoko autismodun gazteei pilotan, igerian edo arraunean aritzeko aukera ematen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide