Dena itxi eta gero zer?

Karkara 2020ko mar. 18a, 11:42

Ostegunaz geroztik udal eraikinak ixteko neurriak hartzen joan dira herri gehienetan. Lanketarekin jarraitzen dute, eta herri askotan familia zaurgarrienei laguntzeko zerbitzuak eta boluntario taldeak sortu dira

Guztien bizitzak hankaz gora jarri ditu koronabirusak eta hori zabaltzea ekiditeko hartu dituzten prebentzio neurri zorrotzek. Denentzat ezezaguna den egoera berrira egokitu behar izan dute herritarrek, eta egokitzapen horretan, udal bakoitzak izan du zeresana neurriak hartzerako orduan. Ostegunean hasi ziren gehienak udal eraikinak ixten, aurreikusita zeuden agendako ia hitzordu guztiak bertan behera uzten eta bestelako mugak jartzen, eta ia aste bat igaro den honetan, dagoeneko hartutako neurriak gogorarazteaz gain, egiten ari diren lanketaren berri eman dute Aiako eta Orioko alkateek. 

Gehienek esker hitzak izan dituzte herritarrentzat, orokorrean, neurriei emandako erantzuna «ona» ari delako izaten. Bestetik, asko dira zaurgarrien diren herritarrak babesteko eta zaintzeko pausoak ematen ari direnak. 

Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea:
"Ez dugu ahaztu  behar denon osasuna  dagoela jokoan"

«Aiako herritarrentzat doa ondorengo mezua. COVID-19aren aurrean herritarrengandik jasotako erantzun positiboaren aurrean, lehenik eta behin, gure eskerrik beroena eman nahi dizuegu. Egungo egoera larria denez, aldez aurretik eskertu nahi dugu. Jarrai dezagun Eusko Jaurlaritzak agindutako neurriak betetzen. Ez dezagun ahaztu denon osasuna dagoela jokoan.  Bestetik, Aiako Lur Alkartasuna Kooperatibak egindako deiarekin bat egin du udalak, herriko adinekoei eta behar bereziak dituztenei laguntza berezia emanez. Aiako Udalak bere baliabideak jarriko ditu egoera aurrera ateratzeko. Gogoratu neurriak betetzen jarraitu behar dugula egoera gainditzeko, denon ardura da. Beraz, animo, denon artean gaindituko dugu».

Anuska Esnal Orioko alkatea:
«Honek are egoera larriagoan jartzen ditu familia zaurgarri batzuk»

«Orioko herria lasaitasunetik baina eraginkortasunez jardun da hasieratik. Ostegunean hartu genituen hainbat baliabide eta zerbitzu ixteko erabakiak, eta ostiralean borobildu. Izan ditugu makina bat lan mahai eta koordinazio bilera, eta gaurko Orioko argazkia ondokoa da: herriko zerbitzu eta baliabide guztiak itxita ditugu, bake epaitegia ere zerbitzu minimoa ari da eskaintzen eta herritarrei, ahal duten neurrian, udaleko zuzeneko harrera ekidin dezaten aholkatu zaie. Udala herriari begira hein batean itxita dago, baina barruko funtzionamendua ohikoa da, hori bermatzeko formula desberdina bada ere. 

Badira langileak etxetik ari direnak lan egiten, kontziliazio neurri espezifikoak hartuta, guztietan osasun aholku  guztiak jarraituta. Gizarte Zerbitzuei arreta berezia nahiko nieke eskaini; alde batetik, eguneko zentroa itxita dugu. Horrek 20 pertsona eta horien familiak ezohiko egoeran jarri ditu, eta Gizarte Zerbitzuetatik horien jarraipena ari gara egiten. Bestalde, etxez etxeko laguntzak, momentuz, normaltasunez funtzionatzen darrai, baita Azurza etxeak ere. 

Berebiziko begirada ari gara jartzen lehen ere zaurgarri zeuden hainbat familiarengan, larritasun honek are egoera larraigoan jartzen dituelako. Izan indarkeria matxista kasuak, izan laguntza psikosoziala jasotzen duten familiak, eta beste hainbat. Udaletik aurreikusten genuen familia horien arrisku mailak igo zitezkeela. Larunbatean herriko eragile batzuekin boluntario sare bat osatu genuen eta horiekin elkarlanean lan ildoak osatu ditugu. 70 urtetik gorako herritarrei telefono bidezko jarraipena eskainiko zaie eta egunero deituko zaie ongizatea bermatzeko. Herriko farmazia eta merkatari txikiekin elkarlanean, protokoloak osatu ditugu erosketak egin eta horiek etxera eraman ahal izateko.

Herritarrak zoriondu nahi ditut erakutsitako arduragatik eta hasieratik elkarlanerako erakutsi duten grinagatik, baita epe motzean horrelako zaintza sarea osatzeko gai izan garelako ere. Animoak ere bidali nahi nituzke, egoera hau ez delako erraza osasunez eta umorez hau eramaten».

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide