Kaosaren aurrean, argi apur bat

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mar. 17a, 09:47

Zenbait osasun langile egungo egoerak jendeari sortzen dizkion ezinegonak argitzen saiatu dira. Azpimarratu dute iturri fidagarriak soilik kontsultatzeko.

Berrogeialdian egoteak eta eguna lau hormaren artean igarotzeak ekarri du informazioaren hedapenaren abiadura biderkatzea. Hedabideak etengabe ari dira albisteak eguneratzen, eta sare sozialak eta sakelako telefono gehienak bero-bero dabiltza egunotan. Informazio uholde horren barruan  badira egia erdiak eta gehiegi kontrastatu gabeko datuak, eta kontuz ibiltzea komeni da halakoekin. Esaterako, asteburuan asko zabaldu da ez dela komeni ibuprofenorik hartzea, kaltetu egiten duela Covid-19 gaixotasuna. HITZA Osasun Saileko hainbat langilerekin izan da, eta jakin ahal izan du frogatu gabeko zerbait dela hori. Koronabirusa ezezaguna dela osasun langileentzat, eta oraingoz dauden datuak ez direla nahikoa erlazio hori adierazteko azaldu dute langile horiek. Horrenbestez, lasai har daiteke ibuprofenoa, hartzea komeni den betiko neurriekin. Hori bai, zehaztu dute giltzurrunetako gaitzak dituek jendeak hobe duela ez hartzea, kalte egin diezaioketelako. 

Desinformazioaren edo gaininformazioaren harira, herritarrek informazioa edukitzea "ona" eta "beharrezkoa" dela uste dute langileek, baina kontziente dira egunotan beste ezertaz ez duela hitz egiten jendeak, ezta komunikabideek eta sare sozialek ere, eta ibuprofenoarenaren moduko zurrumurruak sortzeko arriskua gehitzen du horrek. Horren aurrean, "informazio fidagarria, osasun erakundeek emandakoa", jarraitu behar dela uste dute. 

Osasun langile horiek oraingoz ez dute hedapena saihesteko hartutako neurri zorrotzen ondoriorik nabaritu beren lantokietan, izan ere, hurrengo egunetan gaixotasunaren inkubazio fasean dauden herritar gehiago azaltzen joango dira ospitaleetan. Inkubazio tartea  hiru eta zazpi egunen artekoa izanik, eragina astebete barru nabarituko dutela aurreikusten dute, eta luzatu egingo dela hurrengo asteetara.


Kudeatzen zaila

Birus ezezaguna denez, "zaila" izan da kudeaketa osasun langileen hitzetan. "Oraintsu arte uste zen kasu bakanak izango zirela, eta horiek isolatuta kontrolatzea lortuko zela, baina ikusi da hori ez dela posible". Langileek azaldu dute sintomarik gabeko jende asko dagoela, gaitza zabaltzen ari dena. Hain zuzen, horregatik hartu behar izan dituzte halako neurri orokorrak, pertsona guztien arteko harremanak ahalik eta gehien murrizteko. Hala egin dute ia Europa guztian.
Osasun Sailetik behin eta berriro errepikatu duten moduan, oso txikia da pertsonarik gehienetan gaitzaren eragina. "Horrek, ordea, bere hedapena azkartzen du, eta talde batzuk arriskuan jarri, bereziki, adinekoak eta gaixo kronikoak. Horrek denbora oso gutxian kasu asko pilatzea dakar, osasun sistemen gaitasuna gainditzeraino". Hori dela eta hartu dituzte hartutako neurriak.


Gertatutakotik ikasten

Jende gutxik izango du gogoan halako ezer aurretik gertatu denik, baina osasun langileen esanetan, bestelako birusekin eman izan dira antzeko egoerak. 1918ko hotzeria izan zen ezagunena; 20-40 milioi pertsonaren heriotza eragin zuen: biztalneriaren %3,6. "Horrelakorik ez gertatzeko hartu nahi dira neurriak, birusa horren txarra ez dela jakinik, osasun publikoaz eta epidemiologiaz dakigunarekin, eta XXI. mendeko medikuntzarekin. Birus hau oso kutsakorra da, eta egun oso gutxitan pertsona askorengana iristen da, ustekabean. Horrek osasun sistemaren gaitasuna gainditzen du, eta behar bezalako zaintza ematea galarazten". Oraingoz, ospitaleetan nahikoa ekipamendu badagoela diote langileek eta, gaixoak biderkatu ezean, hala egoten jarraituko duela. "Kontua da gaixoak biderkatzen badira ez dakigula noraino irits litezkeen kopuruak eta baliabideak", egin dute ñabardura.

Egungo egoerara eraman gaituzten neurririk zorrotzenak Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eman zituen jakitera iragan larunbatean. Neurrien artean, azaldu zuen Osasun eta Defentsa Sailak Madrilgo gobernuaren azken agindupean geratuko zirela alarma egoera dela-eta. Horrek Osakidetzako langileengan zer-nolako eragina izango duen galdetuta, langileek diote, momentuz, ez diela ezertan eragingo. "Gure azken agintaria Espainiako Osasun ministroa da, baina oso urrun dago. Azken neurria iritsita, materialak edo profesionalak mugitzea agindu dezakete, baina momentuz ez da halakorik aurreikusten".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide