Oraingoz ez dute baieztatu koronabirus kasurik Orion eta Aian, baina urrun zirudiena gerturatu egin da, bai behintzat neurriei dagokienez: Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxe guztiak ixtea erabaki berri du Eusko Jaurlaritzak. Prentsaurrean emango ditu azalpenak Jaurlaritzak 13:00etan.
Horrez gain, beste hainbat neurri hartzen ari dira Urola Kostako herrietan. Gaur bertan erabaki dute adinekoen elkarte batzuek beren lokaletako ateak ixtea, udalekin hitz egin ondoren. Esaterako, Orion, Getarian eta Azkoitian ez dituzte ateak zabalduko datozen egunetan, eta oraingoz ez dute irekiera egunik jarri, gainera.
Adinekoen egoitzetan egunak daramatzate murrizketekin eta neurri bereziekin, eta eskoletan ere ari dira zenbait neurri hartzen; esaterako, ume txikiei eskuak sarriago garbitzen. Oraingoz, ordea, ez daukate informazio askorik ikastetxeetan, eta Eusko Jaurlaritzak zer aginduko zain daude.
Udal eraikinetan informazio kartelak jarri dituzte herri batzuetan, eta baita eskuak garbitzeko makinak jarri ere. Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren gomendioak jarraitzen ari dira, azken batean.
Gaur-gaurkoz, eragin handiena kirol jarduerei lotutako ekitaldietan ari da izaten koronabirusa. Izan ere, maila gorenetako futbol, saskibaloi eta eskubaloi partida asko bertan behera utzi dituzte Espainiako eta Euskal Herriko federazioek. Eskualdeko talde askori eragingo die neurriak, batez ere futbol arloan.
Indauxen ere neurri zorrotzak
Arlo ekonomikoari dagokionez, enpresak eta saltokiak ere hasi dira koronabirusaren eragina jasaten, eta baita neurriak hartzen ere. Esaterako, eskualdeko enpresa handi batzuek bertan behera utzi dituzte kanpora egin beharreko bidaiak, eta lantokietan hainbat neurri hartu dituzte.
Horietako bat da Aia eta Getariako Indaux. Gaur egun 253 langile ditu lau egoitzatan banatuta, eta 90 herrialdetan saltzen ditu bere produktuak. Koronabirusa dela eta, azken bi asteetan ezinbestekoak ez diren bidaiak atzeratzea erabaki dutela jakinarazi dio HITZAri Indauxeko komunikazio arduradunak. “Bereziki Asiara bidaiatzea saihestu dugu, baita aireportu jakin batzuetan geldialdia egitera derrigortzen gaituzten helmugak ere. Egunak aurrera joan ahala, bidaiatzeko murrizketak herrialde gehiagotara hedatu dira”. Gaineratu duenez, bidaiatu duten langile guztiek mediku zerbitzua jaso dute.
Bidaiak ekidin ez ezik, kanpoko bisitak ere murriztu dituzte, eta zenbait bilera bertan behera uztea erabaki dutela adierazi du komunikazio arduradunak: “Protokoloaren barruan, kanpoko bisitariek jokabidearen inguruko informazioa jasoko dute bisita antolatu duenaren eskutik”. Horrez gain, gune ikusgarrienetan Jaurlaritzak zabaldutako higiene gomendioak itsatsi dituztela gaineratu du: “Gomendioetako bat da, adibidez, agurtzean eskurik ez ematea”. Bilerei dagokienez, gela zabaletan egingo dituztela azaldu du komunikazio arduradunak, eta igogailuen erabilera saihestuko dutela.
Gainera, Indauxek badu bestela ere mediku zerbitzua: “Gure mediku zerbitzuaren eginkizuna da langileen osasuna zaintzea, era norbanakoan nahiz kolektiboan, eta langileen osasuna kaltetu dezaketen aukera guztiak aztertzea”. Horretarako, segurtasun kontrolak egiten dituztela gaineratu dute.