Gure amona zena ez zen eskolara gehiegi joan. Gerraosteko ume askorentzat bezala, bizitza izan zen haren eskola. Bertsozale amorratua zen, eta orduak igarotzen zituen kuttun-kuttunak zituen bertso liburu zahar batzuek irakurtzen. Zenbat arratsalde pasa ote genituen bere bertsoak, abestiak, pasarteak, entzuten!
Biloba guztioi opari bera egin zigun irakurtzeko gai izan ginenean: Isaac Lopez Mendizabalen Xabiertxo.
Harrotasun handiz egiten zuen oparia, euskaltzale sutsua baitzen. Bere biloba guztiek ikasketak euskaraz egiteko aukera izanak asko poztu zuen. Eta horixe izan zen utzi zigun oparirik ederrena: euskararekiko maitasuna.
Guk, ordea, gure amonak ez bezala, hizkuntza bat baino gehiago dakizkigunez, hizkuntzen erabilerarekiko erabakiak hartu beharra dauzkagu uneoro. Nondik hartu, ordea, erabaki hauek?
Kontzienteki, gogoeta baten ondoren, gure buruari galderak eginez eta barrutik ateratzen zaigunari erantzunez?
Ala kanpotik datozen inertziei jarraituz, korronteak eramaten gaituen moduan, besteek erabakitakoarekin bat eginez?
Nik nire buruari entzun nahi diot: Zer pentsatzen dut nik gai honen inguruan? Zer behar ditut? Zein hizkuntzatan bizi nahi dut? Dakidan hizkuntza bakoitza zertarako erabili nahi dut? Etxekoekin, lagunekin, lanean, herrian, herria ez den lekuetan? Nire egunerokoan nola bizi nahi dut?
Bat ez da erabaki horretara bat-batean iristen...
Norberaren identitatea definitzen ari baita bat gogoeta hauekin.
Nire kasuan, zer izan dut kontuan ?
Galderei erantzuten hasi bezala zerbait garbi dudala argitu dut: ni euskalduna naizela. Hori da ni definitzen nauen lehen esaldia.
Hortik, euskaldunaren beharrak asetze aldera, erreferenteak aurkitzen saiatu naiz: euskararen normalizazioan lanean ari direnak iparra zehazten ari direla argi daukat. Han eta hemen gai honen inguruan sortzen dena irakurtzen saiatzen naiz.
Hona hemen egingo dudan saiakera:
Euskal Herrian nagoen bitartean:
• Nagoen lekuan nagoela ere,
nire lehen hitza beti euskaraz izango da. Aurrekoa euskarara gonbidatuz, horrela. Aurrekoak euskaraz jarraitzen badit, hor bukatu da erabakiak hartzeko lana.
• Aurrekoak euskara ez den hizkuntza batean erantzuten
badit eta elkar ulertzen bagara, orain arte ez hain erosoa zitzaidan bi hizkuntzetako elkarrizketetan ohitura hartzen saiatuko naiz. Ohitu arteko kontua omen dela diote eta.
Jakitun naiz hauxe dela gehien kostako zaidana, ohiturak aldatu beharko ditudalako eguneroko harreman batzuetan. Eta nire buruari behin eta berriz errepikatu beharko diodalako nireari eusteak ez duela bestea ez errespetatzea esan nahi; nahi gabe, hau sakon-sakonean sartuta daukadan zerbait dela badakit .
•Aurrekoak ulertzen ez didala ikusten dudanean, biok komunikatu gaitezkeen beste hizkuntza bat hautatuko dut. Lehenengo gaztelania erabiltzen saiatuko naiz, hau baita hobekien menderatzen dudan bigarren hizkuntza. Hirugarren saiakera ingelesarekin egingo dut, honetan ere txukun moldatzen bainaiz . Eta hauek denek ez badute balio, keinuka eta dakizkidan hizkuntza bateko eta besteko hitz apurrekin moldatu beharko dut.
Hau guztia jarrera baikor batekin egin nahi dut. Nirea eustea baita nik nahi dudana, erabaki dudana, eta egingo dudana.
Eta zuk, nola jokatu pentsatu duzu?