Euskaraz bizi nahi dugunontzat, pribilegio handia da Orion edo Aian bizitzea. Pribilegio hitzaren zentzurik onenean: pagotxa, luxua, zortea da edozein saltokitan sartu eta euskaraz egin ahal izatea, edo kalean edonori hasieratik euskaraz lasai hitz egiteko aukera edukitzea, gehien gehienek ulertu egingo dizutelako, eta, ez bada hala, ziurrenik modu onean esango dizutelako mesedez gaztelaniaz egiteko. Aian eta Orion euskara nagusi delako, hemen euskararen arnasgune garelako. Zorionekoak gu. Hartuko lukete euskaldun askok gure egoera!
Azken hiruzpalau hamarkadatan gizartea gauza askotan ikaragarri aldatu den arren, Orion eta Aian eutsi egin diogu geure euskalduntasunari. Eremu berriak irabazi ditugu euskararentzat: administrazioan, hezkuntzan, kale paisaian, kultur eskaintzan... Eta ondo samar goaz, baina oro ez da urre, jakina.
Kezkatzen nau, batez ere, gure herrian euskaraz normal, natural bizi ahal izateak ez ote gaituen gehiegi lasaitzen, laxatzen, anestesiatzen. Ez ote garen burbuila batean bizi, euskaldun askok eta askok –gehien-gehienek!– euskaraz bizitzeko dituzten muga eta eragozpenekiko sorgor edo ezaxolati. Ez ote garen sarritan, herrian bertan eta zer esanik ez kanpoan gabiltzanean, azkarregi makurtzen gaztelerara. Labur esanda: ez dakit behar bezala konturatzen garen arnasgune bateko euskaldun gisa ditugun pribilegio eta ardurez.
Pribilegioek ardurak ekarri behar bailituzkete, bizitzaren eremu guztietan, ezta? Gizalegezkoa iruditzen zait, erabat, pribilegioak dituenari ardura eskatzea.
Orion eta Aian arnasgune izateari eutsi behar diogu noski, baina ez soilik hurrengo oriotar eta aiar belaunaldiei arnasgune sendoagoak uzten saiatzeko. Birikak ez du arnas hartzen beretzat bakarrik, baizik eta gorputz osoa indartzeko. Horregatik, kontziente izan behar genuke garrantzitsuak garela, ez soilik hurrengo aiar eta oriotarrentzat, baita euskaraz bizi nahi duten oraingo eta biharko euskal herritar guzti-guztientzat ere.
Non sortuko dira euskarazko hitz, irain eta mota guztietako esamolde jator berriak euskaraz, ez bada arnasguneetan? Non sortuko da euskarazko gazte hizkera? Non sortuko dira bihar telebistan, egunkarietan, musikan, kiroletan, publizitatean, ingeniaritzan eta beste hainbat alorretan behar-beharrezkoak ditugun profesional euskaldun eredugarriak, noiznahi eta nonahi euskaraz jator eta egoki arituko direnak.
Arnasguneetako herritarrok, euskaraz bizi nahi dugunok behintzat, euskaldun ez ezik, euskalzale kontziente ere izan behar genuke. Eta euskararentzat, eta gainerako euskaldunentzat, funtzio eder eta garrantzitsua betetzen dugula jakinda, horretan ahalegindu, edonoiz eta edonon.
Eskubideak unibertsalizatu omen daitezke; pribilegioak, aldiz, ez. Euskaraz lasai bizi ahal izatea pribilegioa da oraindik, zoritxarrez. Saia gaitezen dagokigun ekarpena egiten, euskaraz bizitzea eskubide arrunta izan dadin, bihar ez bada etzi, Euskal Herri osoan.