PAPEREKOA

Agustin Aldalur Aiako txistulari eta organo-jolea

IƱaki Iturain 2019ko abe. 28a, 16:00

Iñaki Iturainek KARKARAren 412. aldizkarian "Oroimenaren kutxa" atalerako jorratutako erreportajea.

Xalbadorren heriotzean da Xabier Leteren kanturik ezagunena, eta euskaldunon abestirik kantatuenetakoa. Xalbador bertsolaria jaioterrian hil zen, Lapurdiko Urepelen, 1976ko azaroaren 7an, bertsolari lagun guztiak ondoan zituela, haiek omenaldia egiten ari zitzaizkion egunean. Meza, Odolaren mintzoa bere bertso- liburuaren aurkezpena, bazkarijendetsua eta ondoren bertso saioa herriko frontoian. Horixe izan zen egun hartako programa. Xalbador oholtzaren gainean zela, momentuko bertsolari onenak berari kantatzen, hunkituta, emozioak gaina hartu zion, eta programatu gabekoa ekarri zuen: Xalbadorrek “Eniz ontsa” esanez handik jaitsi, herriko eskola-etxera joan eta bertan hil zen. Bihotza gelditu zitzaion, emozioa eraman ezinik.

Aian ere antzekoa gertatu zen 1990ean. Agustin Aldalur, herriko txistulari eta organo- jolea hil zen Urtezahar egunean. Aian ohitura dute urteko azken eguneko arratsaldean herriko bi elizetan elizkizun bana egiteko segidan: parrokian hasi, handik letaniak kantatuz prozesioan Aizpea ermitara jaitsi eta, han, bigarren elizkizuna, igarotako urte zaharragatik eskerrak emateko. 1990eko abenduaren 31n, ohi bezala, Agustin organoa jotzen ari zela atera ziren eliztarrak herriko San Esteban elizatik eta, haiek prozesioan zihoazela, berak eliz atzeko eskaileretako bide laburragoa hartu eta berehala iritsi zen Aizpeako ermitara, eta han organoa joz hartu zituen herritarrak. Meza hasita, hirugarren pieza jotzen ari zela, bihotza gelditu egin zitzaion Aldalurri, Xalbadorri bezala. Horrelaxe hil zen, gustukoa zuena eginez, organoa joz, 54 urterekin.

Biharamunean izan zen hileta, urtarrilaren 1ean. Urteberri eguneko arratsaldean, jendea herriko elizan sartzen ari zela, Agustinen arreba ikusi zuten plazan korrika. Pellomedikuaren bila zihoan, haien ama ondoezik jarri zela-eta. Gertatu zen etxean anaiak-eta hilkutxa bizkar gainean hartu eta kalera ateratzen hasi zirenean, hari begira zegoen amaren bihotzak ezin izan ziola eutsi momentuko zirrarari eta zerraldo erori zela, semearen hilkutxaren aurrean. Medikua etxera iritsi aurretik hil zen ama ere.

Gaur semea, bihar ama

Hala ere, semearen hiletarekin aurrera egitea erabaki zuten. Patxi Danbolinek jo zuen umezurtz geratutako organoa, hileta-elizkizunean. Biharamunean, urtarrilak 2, egin zen 82 urteko Maria Josefa Orbegozorena ere, Agustinen amarena. Heriotza ere bizitzaren parte den aldetik, umorez hartuta, herriko batek hala esan zuen: “Amak semea ekarri eta semeak ama eraman”, Agustin zenaren anaia Valentinek kontatu digunez. Aldalurtarren hamar senideko familian, lau gizonezkoak musikazale amorratuak izan dira beti. Bigarrena zen Agustin eta horixe egin zuen bizitza guztian: musika. Hamabi urterekin hasi zen ikasten Zarautzen, hamaseirekin Aiako elizako organoa jotzen. Txistua, danbolina, eskusoinua eta dultzaina jotzen ere ikasi zuen. Elizako organo-jolea eta herriko txistularia izan zen. Herriko festetan, goizean goizetik ibiltzen zen txistua joz, esna- deia edo dianan. Aizpea dantza taldea sortu zuen herrian; haren bidez iritsi ziren herriko hainbat gazte dantza egitera Euskal Herriko txoko askotara: Maule, Baiona, Gasteiz, Pasaia...

Herriko kooperatiban egiten zuen lan, harakin. Manuel Aizpurua apaizak tratua egin zuen Aldalurrekin: hik jo ezak organoa elizan eta nik lagunduko dizuet Alkartasuna kooperatiban. Horrela hasi zen Agustin organoa jotzen. Saltsa guztietako perrexila zen, oso herrizalea. Herria maite zuen eta herriak maite zuen. Sasoi beteko gizona, Herniora sari igotzen zen 54 urteko gaztea. Gehien betetzen zuena egiten hil zen, organoa jotzen. Xabier Letek Xalbadorri kantua nola, halaxe jarri zuen Aiako herriak oroitarri bat herriko plazan, elizako paretari itsatsia. Oroitarria 1991ko abuztuaren 11tik dago han ipinita, harl andu batean, Agustin txistulariaren irudi batekin eta Jose Mari Lertxundiren bertso luze bezain errima estuko batekin atondua, Aldalurren oroigarri. Hauxe da bertsoa:

Agustin maite urrezko izkiz

zaitugu guk aurkeztuko

Aiako erria zuk ainbat iñork

ez baitu aberastuko

ematen ziñan biotz zabala

artutzen berriz estuko

txistu ta dantzan gazteak

jartzen

jendea nondik poztuko

ta eleizetan zu organista

ain borondate prestuko

zure izena nola ez degu

guk bertsotan abestuko

aurrerantzean izan nai degu

zugan arreman estuko

jun ziñan baña gure erriak

etzaitu inoiz aztuko.

 

Musikak gizabanakoarentzat ez ezik gizartearentzat ere garrantzi handia du. Horixe adierazi nahi izan zuen Jose Mari Lertxundik ere Aldalurrentzat sortu zuen bertsoan: zer nolako ekarpena egin zion Agustinek bere herriari, Aiari, musikaren bitartez, elizan organoa eta kalean txistua joz: Kantari bizi den herria ez da inoiz hilko. Beste gauza bat ere erakutsi zuen Lertxundik bertsoaren bidez: bere adiskideari zion maitasuna.

Xabier Lizaso piano-jole oriotarrak askotan aipatzen du musikaren indar terapeutiko sendatzailea, baita sentimenduak azaleratzeko daukan ahalmena ere. Batzuetan gertatu izan da musikak sortutako emozioak gaina hartu eta musikaria bertan hiltzea ere.

LIZASO PIANO-JOLEAK
ASKOTAN AIPATZEN DU
MUSIKAREN INDAR
TERAPEUTIKO
SENDATZAILEA DELA

Horixe bera egokitu zitzaion Xabier Otaegi musikariari ere 2016ko maiatzaren 7an. Zegamako elizan, jaioterrian, kontzertu baten zuzendari lana egiten ari zen bi abesbatzarekin: Zegamako Orkatz eta Kataluniako San Sadurní d’Anoiakoa. Kontzertua bi abesti ezagunekin bukatu zuen: Kantuz eta Maite zaitut. Azken abestia emazteari maitasuna aitortzeko baliatu zuen: “Maite zaitut”. Kantu hura amaitu berritan, herritarrak txaloka hasita, denen aurrean Hilda erori zen, 49 urte zituela.

Heriotzak kantuaren bidez eraman izanak berdintzen ditu Xalbador bertsolaria, eta Xabier Otaegi eta Agustin Aldalur musikariak, gustukoena egiten hil zirela. Hobeto hiltzerik ba al dago? Plazera ematen dion horretan, zirrarak jota, bihotza gelditu. Beste gauza batek ere batzen ditu hirurak: maitatzeko zuten ahalmen handia, beren lanak besteengan sortzen zuen hunkidura, eta batez ere, haiek beraiek zenbateraino hunkitzen ziren. Hala, “Aunitz maite duenak aunitz sufritzen du”, utzi zigun Xalbadorrek idatzita betiko, bere bertso hunkigarri batean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide