Polemikarekin hasi ziren aurtengo sanikolasak, plazako lanak direla-eta, festagunea tokiz aldatu behar eta tiobiborik edo barrakarik ez zela egongo jakinarazi baitzuen jai batzordeak. Albisteak ezustean harrapatu zituen herritarrak, eta errezeloz hartu zuten neurria askok. Festa eredu berria sustatzea zen antolatzaileen asmoa. Erabaki ausarta izan zen, hasieran behintzat, iritzi publikoa aurka jartzeko arrisku handia izaten baita horrelakoetan. Dena dela, behin jaiak pasa eta distantziatik begiratuta, neurriarekin asmatu egin zutela uste dut.
Sanikolasetako lau egunetan lan egitea tokatu zitzaidan, eta ekitaldiz ekitaldi ibili nintzen, jaietako giroa argazkietan jaso nahian. Hala, harrituta geratu nintzen, izan nintzen ekitaldi gehienetan herritarren parte hartzea bikaina izan zelako. Haurrak eta gaztetxoak izan ziren jaiaren ardatza, eta familian eta lagun artean une atsegina igarotzeko egitasmo ugari egin ziren egun horietan. Aipatzekoak dira, esaterako, larunbateko Haurren Eguneko jolas libreek edota igandean Zingira eskolak antolatutako tailerrek izan zuten arrakasta. Azken ekimen horretan, hainbat txoko antolatu zituzten, eta normalean lantzen ez dituzten eskulanak egiteko aukera izan zuten etxeko txikiek, helduen laguntzarekin. Gustura ibili ziren haurrak eta helduak erremintak eskuetan hartuta.
Hemenbaen batukada taldearen saioak ere giro bikaina jarri zuen San Nikolas egunean, eta gaztetxoen patata tortilla lehiaketan, nerabeak sukaldean ikusi genituen, umorez beteta, erakutsiz sukaldaritzarako dohainak dituztela eta taldean lana bikaina egiten dutela. Bestalde, gaztetxoek ez ezik, guraso askok ere gozatu ederra hartu zuten Burrunba elektrotxarangaren doinuekin, garai zaharrak gogoratuz.
Azken batean, herritik eta herriarentzat sortutako festak izan zirela iruditzen zait niri, eta herritarren erantzuna ere apartekoa izan zela. Bukatzeko, tartetxo hau aprobetxatu nahiko nuke, herriko jaietan lanean aritu ziren herritarren lana azpimarratzeko. Gainontzekoek festaz gozatu zezaten, buru-belarri lanean jardun baitzuten, jaian murgilduta zeuden askorentzat ikusezinak baziren ere.