PAPEREKOA

Azken luzea

Jabier Zabaleta 2019ko abe. 10a, 11:30

Hona hemen Jabier Zabaletak KARKARAren 411. zenbakirako idatzitako artikulua. Euskara helduleku, Orioko erabilera edota Euskaraldia izan ditu hizpide. "Euskararen erabilera igo egin da Orion eta %72an dago".

Kike Amonarriz euskaltzale ezaguna aspaldian ari da esaten: euskara bidegurutze batean dago eta datozen urteotan egiten dugunak erabakiko du hizkuntzaren paraderoa: edo espazioak irabazi eta normalizatzeko bidea hartuko du, edo, Irlandan gaelikoa bezala, eskolan ikasi bai baina gero apenas inork erabiltzen ez duen hizkuntza bihurtuko da.

Jon Sarasua pentsalariak, berriz, bidegurutzearena baino metafora landuagoa erabilita, irudi honekin azaldu berri du euskaltzaleok bizi dugun ataka: «Arantzazutik abiatu ginen, Aizkorri puntara iristea amets, eta igoera ederra egin dugu, baina orain Urbiako lainopean gaude, gora segitzeko zer bide hartu ez dakigula».

Une garrantzitsua da euskararentzat, bai, eta, gure mapa-izkina honetan begia jarrita, mezu optimista eman nahi dut, baikor erreparatzen baitiot aurrean dugun bideari.

Oriotarrok ahalegin handia egin dugu azken hamarkadetan euskararen egoera hobetzeko herrian, eta aurrerapen nabarmenak egin ditugu arlo desberdinetan: hezkuntzan, administrazioan, elkarteen egunerokoan, euskararen irakaskuntzan, tokiko komunikabideetan…

Hutsuneak eta ajeak ere badira, ordea, eta komeni da horiek ere ez bistatik galtzea: salbuespenak salbuespen, ez dugu oraindik lortu lan munduak euskara aintzakotzat hartzerik, gure sukaldeetan euskara gutxiago hitz egiten da, darabilgun hizkuntzaren kalitatearekiko kezka ere badago…

Baina aurrera goaz. Udaleko Euskara Zerbitzuak aurten egindako neurketaren arabera, euskararen erabilera igo egin da Orion eta %72an dago. Igoerarik handiena, gainera, 25-64 urte arteko adin-taldean gertatu da eta joan den urteko Euskaraldiak izango du noski zerikusia igoera horretan. Oriotarrok harrigarri ondo erantzun genion Euskaraldiaren erronkari: ia 1.500 oriotarrek parte hartu zuten eta, hartara, euskara gehiago erabiltzeko konpromisoa esplizitatu zuten. Lelo gisa erabili izan dugu lehen ere, baina orain jakin badakigu egia dela: oriotarrok euskaraz bizi nahi dugu.

Datorren urteko Euskaraldian beste erronka bat planteatuko dugu eta herriko erakunde, elkarte, denda, taberna eta enpresak inplikatuko ditugu euskararen erabilera handitzeko ahalegin kolektibo honetan. Oraindik euskararen gurdira igo ez direnei bultzada bat emateko baliatuko dugu.

Gaur egun, egoera ezin hobean gaude Orion salto kuantitatibo eta kualitatibo handia egiteko euskararen erabileran. Faktore asko ditugu alde: ezagutza-tasa altuak, batez ere gazteenen artean; herritarren gogoa; sektore dinamikoenen inplikazioa (gazteak, feminismoa, kultur sorkuntza…); adostasun politikoa; gaitasun teknikoa…
Ez da berez etorriko, jakina; eta ahalegina eskatuko du, orain arte bezala: bitarteko eta tresna berriak sortu, dauzkagunak sendotu, jendea prestatu…

Ni ere metaforen aldapa beheran abiatuta, lan erdiak eginda eta ziaboga hartuta irudikatzen dut euskararen traineru horia Kontxako badiari begira. Ikusi dugu banderaraino eramango gaituen olatuaren tontorra; horixe hartuko dugu. Horrekin barrura! Ez da erraza izango, baina, daukagun neska-mutil kuadrillarekin, azken luze hau ere ondo egingo dugun zalantzarik ez dut.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide