Karrera bukatu berritan iritsi nintzen KARKARAko familiara. Eta denetarik ikasi nuen: maketatzeko zenbait programa erabiltzen, parekidetasunari arreta jartzen (argazkietan, elkarrizketarako herritarrak aukeratzerakoan…), bandoen artean oreka bilatzen (ikastola eta eskola publikoa, alderdi politiko bat eta bestea, arrauna eta gainerako kirolak etab.)…
Herritar interesgarri asko ere ezagutu nuen, eta konturatu nintzen guztiok dugula kontu erakargarriren bat kontatzeko. Baina tokatu zitzaidan kalabazak jasotzea ere, eta badut bat bereziki gogoan: Dikeko emakume batena.
Bere etxean egin genuen hitzordua, eta adeitsu zabaldu zidan atea. Galdetu zidan Orion zein familiatakoa nintzen, zeinen alaba… eta behin konfiantza giroan murgilduta, erakutsi zidan etxe osoa: armairuak banan-banan, oheak maindirez maindire eta mantaz manta nola zeuzkan jantzita… baina denboran aurrera damutu egin zitzaion nonbait elkarrizketa egitea. Esan zidan barkatzeko, baina zenbait herritarri ez ziola gustu hori eman nahi, eta ordubeteko hitz-jolasa eta gero, egiteko txokolate tableta bat oparitu eta bidali ninduen bueltan.
Gogoan dut, baita ere, KARKARA Udalak diruz laguntzen zuela eta gaztelaniaz ere argitaratu behar zela kexatu zitzaidan herritarra. Herritar euskalduna, portzierto. Kosta egiten zitzaion euskaraz irakurtzea, eta amorrarazita zegoen. Ez jakin nonbait KARKARA euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko sortu zela! Eta jabetu nintzen herri aldizkariekin bete-betean asmatu dugula euskaldunok. Beste hizkuntzetan konpetentziarik ez duen produktu bat sortu dugulako, euskaraz, geure-geurea, autentikoa…
Ai ama! gaur egun atzera begiratu eta zenbat pozten naizen proiektu polit honen parte izana!