PAPEREKOA

Leundaneko 1964ko bertso-saioko gitarra

Iñaki Iturain 2019ko abe. 3a, 14:00

Herriko otxote jendetsua, zuzendari Martin Lizaso zutela. (Iñaki Iturainen artxiboko irudia)

Hona hemen Iñaki Iturainek KARKARAren 411. zenbakirako idatzitako artikulua, 'Oroimenaren kutxa' atalean. 1964ko bertso-saioa, Benito Lertxundi, Jorge Oteiza edota arraun kluba izan ditu mintzagai.

San Nikolas gauean bertso saioa izango da aurten ere Orioko kiroldegian, 2004tik hona urtero egiten den bezala. Lehen ere izaten ziren bertsolariak neguko festetan; baina orduan, kiroldegirik ezean, Cine Leundan hartzen zuten aterpe. 1964an bi bertsosaio izan ziren zinean. Ekainaren 20koa, luistarrek antolatuta, Benito Brit oriotarrak gidatu zuen. San Nikolas bezperan, abenduaren 5ean, Basarri, Uztapide, Joxe Lizaso eta Manuel Lasarte aritu ziren bertsotan, garaiko onenak, Jose Mari Iriondo gai-jartzaile zutela. Herriko otxoteak osatu zuen, kantari, festetako jaialdia.

Iriondok bertsolariei emandako gaien artean, bat xelebre samarra gertatu zen. Hona, Jose Mariren aurkezpen-hitzak (orduko idazkeran ekarriak): “Lau bertsolarientzat gai bat: Lizaso soinujolea dugu; Uztapide, pandero jotzailea; Basarri, gaur badakizue herriz herri soinua eta panderoa ezkutatzen ari dira, eta txistua gehiago, eta horien ordez talde batzuk datoz, ez dakit zer konjuntu eta badakit zer konjuntu, dena dela horietan gitarra luzeekin musikaren arrastorik ez duten asko azaltzen dira, Basarri horietakoa degu: gitarrarekin orkestina baten osatzailea; eta Lasarte, berriz, orkestinako abeslaria, badakizute txima luzeekin azaltzen diran horietako bat. Txandaka, burrukan egin bezate bi bitara”.

Gai-jartzaileak horretara bideratuta, honelako arrazoiak eman zituzten bertsolariek: “Gure lur hontarako zertako gitarra?”, Uztapidek. “Gitarra hainakorik ez da mundu osoan, Iparragirrek ere hori jotzen zuan”, Basarrik. “Iparragirren kontuk dizkigu atera, zu ere joaten al zera Santander aldera?”, Lizasok. “Soinu klase horrekin bada mila neke, ibili beharko dute herri hauetan merke, gutxi joango zaizkie soinu horren eske, Andaluzia aldera abitu litezke”, Uztapidek. “Hontarako gitarra zuk dezu alperrik, hemen hoi jotzen dute zakurrek bakarrik”, Lasartek. Euskaldunok gitarra erabiltzearen kontra agertu ziren bertsolari gehienak.

Bertso-saio hura entzuten zeudenen artean egongo zen noski Benito Lertxundi, orduan 22 urteko gaztea; Benitok otxote hartan kantatzen baitzuen. Zer pentsatu ote zuen gitarra Euskal Herrira ekartzeaz bertso-saio hartan esan zituztenak entzunda?

2017an, Alberto Irazuk Rocka puntua liburuan gogoeta sakona egin zuen bertsoaren mundu tradizionalak eta rockarenak izan zuten talkaren gainean. Orioko 1964ko saioan oinarrituta, garai hartan munduan zabaltzen ari ziren aldaketa-haizeak aztertu zituen: protestak, Vietnamgo gerragatik; iraultzak, Kuba eta Argelian…; Euskal Herrian, ETA sortu berria, artean atentaturik egin gabe; frankismoa gainbeheran, azken fasean sartuta; euskarak adierazpide gutxi, debekatuta ia leku denetan; askatasunaren aldarrikapena, bazter guztietan; iraultza, alor askotan: politika, ideologia, musika, sexua, harremanak, janzkera… Alberto Irazuren ustez, sinestezina dirudi, baina duela 50 urte gitarra arrotza zen jende askorentzat Euskal Herrian, tomatea gordinik jatea bezain arraroa zen sokazko musika tresna; izan ere, gitarrak bekatua zekarren.

Haika, Orioko aurreneko rock taldea. Ezkerrean, Txema Moran, eta eskuinean, Juanjo Iparragirre zena. (Iñaki Iturainen artxiboko irudia)

Munduak iraultza-giroa bizi zuen 60ko hamarkadan. 1968ko urtea ikur bilakatu zen. Urte hartako maiatzean gertatu zen Parisko kaleetan, geroztik “Frantses Maiatza” deitu izan den mugimendua; hasiera batean, unibertsitateko ikasleen protesta izan zen, autoritatearen aurkako adierazpen kontrakulturala; gero, langileak batu zitzaizkionean, kutsu sozial eta politikoa hartu zuen.

Garai hartan jaio ziren munduan zehar gizateriaren historia irauli duten hainbat mugimendu: Vietnamgo gerraren kontrako intsumisioa, bakezaletasuna, hippyak, rocka, feminismoa, sexu askapena…

Irazuren ustez, 60ko hamarkadan, goitik behera aldatzen ari zen gizartean gitarra ikur bat zen, eta aldaketaren motorretako bat, musika berriak ekarritako mugimendu ideologiko eta estetikoaren ardatza. Protestakantuaren garaia zen, hedonismoa beldurrik gabe aldarrikatzen zuen pop kulturarena; eta bertsolaritza ez zebilen sinkronizatuta. Baserria, Jaungoikoa eta Lege Zaharra, batetik; eta gazteek gaietan eta formetan zekarten berrikuntza, bestetik. Txokea gertatu zen. Bertsolariak garaiko gai berrietatik kanpo zebiltzan, eta kantariek bete zuten hutsunea.

Euskal Herrian joera izan ohi da horrelako eztabaidetarako. Hamarraldi hartan bertan, 60koan, horixe gertatu zen euskara batuarekin, eta hark berekin zekarkigun h letrarekin. Gizartearen sektore bat oso modu gordinean agertu zen euskara batuaren eta h-aren kontra. Orduan egon ziren Oteizaren Arantzazuko 14 apostoluak errepide bazterrean botata 14 urtez, eliza katolikoaren agintariek basilikan jartzea debekatuta; Oteizaren ideia estetikoak ez ziren egokiak Elizarentzat elizarako. Orion arraun olinpikoarekin gertatu zen hori. Orduan Oriora ekarri berria zen arraun mobilak zekartzan berrikuntzen kontra agertu zen herriaren parte kontserbadore bat, gitarraren eta apostoluen kasuan bezalaxe.

Baina, debekuak debeku eta iritziak iritzi, Benito handik hiru urtera (1967an) gitarra jotzen agertu zen euskal plazan, eta huraxe izan du geroztik bidelagun 52 urtean. Oteizaren apostoluak, 14 urteko bide bazterreko loaldiaren ondoren, halako batean iritsi ziren Arantzazuko basilikako frisora (1969an) eta geroztik euskal kulturaren ikurretako bat bilakatu dira. 1960ko urte haietan sortu berria zen Orioko arraun klub olinpikoak arraunketa guztia irauli zuen. Orioko arraunaren historiak izan duen aldi gozoenetakoa bizi izan zuen orduan: 1968ko Oxford-Orio estropada jendetsu eta arrakastatsua, 1970etik 1975era bitarteko Kontxako bost banderak...

1960ko hamarraldiaren bukaeran, bakoitzak bere alorrean, iraultza ekarri zuten hirurek: Benitok, Oteizak eta arraun klubak. Orioko herriaren izen onari oihartzun handia ekarri dioten ikur bihurtu ziren; zergatik eta, jakin zutelako, orduko kontrako giroari aurre eginez, azalean eta formetan berrikuntzak egiten, sakonekoari eusteko, asmatu zutelako betiko ura iturri berritik ekartzen.

Eta 1972an, aurreneko rock taldea osatu zuten herriko Goiko Kalean hiru oriotar gaztek, Haika izeneko konjuntua: Juanjo Iparragirre zenak, Txema Moranek eta Jabi Rodrigok, Josu Izeta zarauztarrarekin batera, “gitarra eta txima luzeekin”. Lehenago, beste Iparragirre batek, Jose Mari urretxuarrak kantu eder askoak sortu eta zabaldu zituen Euskal Herrian herriz herri. “Gitarra zahartxo bat det niretzat laguna, egun batean pobre beste batez jauna, honela ibiltzen da artista euskalduna…”. Gitarra lagun zuela, sortu zuen Iparragirrek 1853an euskal kanturik ederrenetakoa eta seguru asko unibertsalena: Gernikako Arbola.

Benito Lertxundi, gazte-gazte, gitarra jotzen hasi berritan. (Iñaki Iturainen artxiboko irudia)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide