PAPEREKOA

"Txikitako ametsa bete dut"

Orioko Herri Ikastola 2019ko urr. 7a, 09:00

Orioko Herri Ikastolako ikasleek elkarrizketa egin diote Itxaso Azkonobieta 'Txiki'ko arraunlariari, 'Ikasleak idazle' atalerako.

LHko 3. mailako ikasleak Itsasori elkarrizketa egiteko galderak prestatzen aritu gara. Kontxako Estropadan  irabazitako banderarekin agertu denean, ezin baretu guztion emozioa! 

Noiz hasi zinen arraunean?
9-10 urterekin, infantiletan; eta duela 5 urte hasi nintzen traineruan.

Erraza al da arraunean egitea?
Ematen duena baino zailagoa, teknika handia behar da; gu oraindik ikasten ari gara.

Asko entrenatzen al duzue?
Astean 6 egunetan, eta 10 hilabetean zehar.

Zenbat pisatzen du traineru batek?
200 kilotik gora; gure trainerua fibrazkoa da, lehen egurrezkoak izaten ziren.

Seguru al zeundeten Kontxa irabaziko zenutela?
Oso sinetsita geunden, aurten tokatu egiten zen. Gure buruarengan konfiantza handia genuen, eta oso gaizki egin behar genuen galtzeko.

Urduri al zeunden egunean bertan?
Oso! Ezpainetan ditudan pupa hauek urduritasunak sortutakoak dira. 

Gogorra izan al zen Kontxako estropada?
Estropada guztiak dira gogorrak, sprintak izaten baitira. Presio eta urduritasun handia genuen Kontxan, baina izugarri gozatu genuen.

Dibertigarria al da irabaztea?
Lan handia egin eta gero, oso pozik jartzen gara. Baina, momentu txarretatik ere asko ikasten da.

Ziaboga ematea zaila al da?
Ziabogan segundo asko gal litezke, eta teknika handia behar da; horregatik, asko entrenatu behar da.

Asko pisatzen al du Kontxako banderak?
Bai, beste banderek baino gehiago, bai makilak, baita oihalak ere.

Kontxa ala liga?
Kontxa, dudarik gabe; Kontxa ametsa da.

Gustatuko al litzaizuke emakumezko batek zuek entrenatzea?
Ez litzaidake inportako, baina Xantirekin oso-oso gustura gaude.

Nolakoa izan zen herriak egindako harrera?
Ortzaikan sartu ginen kamioian, eta herrian sartzerakoan izugarrizko jendetza zegoen, ez genuen espero; 
oso-oso hunkigarria izan zen.

Jarraituko al duzu arraun egiten?
Bai, oraindik oso gaztea naiz. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide