Zuetako askori ez zaio burutik pasatu ere egingo pentsatzea KARKARAk hitzak esanahi bakarri zuela orain dela 30 urte. Egun, inor gutxi izango da gure herrian aldizkaria ezagutzen ez duenik. Baina, bai, hala zen, zin dagizuet.
"—Aizu, barkatu, elkarrizketa bat egin nahi nizuke KARKARA aldizkarirako, eta...
—Zer? Karkara, zer?
—Bada, begira, herriko batzuk elkartu gara, eta rebista bat egin nahi dugu..."
Zer neketsua zen hura! Baina bazen beste egiteko nekagarriago eta desatseginago bat: publizitatea lortzea; dirua lortzea, alegia. Establezimendu batean sartu, eta... "Kaixo, barkatu, KARKARA izeneko aldizkarikoa naiz, eta galdetu nahi dizut ea publizitatea jarri nahi duzun, 5.000 pezeta balio du..." Pentsa, ezagutzen ez zuten zerbaiterako dirua emateko eskatzen genien, publizitatea jartzearen truke. Eta jende askok esan zigun baietz, oso ondo jakin gabe artean zer zen KARKARA. Haiek guztiek ere meritu makala ez!
Beste ohiko galdera bat hau izaten zen: "Eta zu, zein zara? zer etxetakoa, zer familiatakoa? Eta besteak?" Egia esan, ez zen harritzekoa, zer esana eman genuen-eta hasiera hartan. Horrezaz gain, etiketa ere jarri behar izaten zen. "Zer ote dira PNVkoak, HBkoak, EAkoak...? Nitaz galdera hau egin omen zuten: Eta lepoan fular palestinoa erabiltzen ez duen nerabe txolin ezpaingorri hori euskalduna al da?" Ene! Horrela kontuak.
Nolanahi ere, lortu genuen helburua, eta horren lekuko zarete zuek ere. Mila esker amets hura egia bihurtzen lagundu duzuen guztioi; herritar, laguntzaile, langile eta guzti-guztioi eskerrik asko.
Orain, KARKARA hitzak bi esanahi edo adiera ditu.