Berriako erredakzio handia utzi eta KARKARAko lantalde txikian hasiberri. Umetatik etorri izan naiz hona, beraz, Orio ez zen niretzat atzerri. Baina idatzi behar nituenean zenbait albiste, elkarrizketa edo berri, oriotarrengana gerturatutakoan entzuten nien Orion jaioa ez izanik, errio aldamenean bizi arren, Orio ez zela nire herri.
Hala ere, herriko kaleak bizikletaz pasa eta iristen nintzen Kultur Etxeko bulegoko atera, berriak idaztera. Maketatzaile propioa zuten medioetatik etorrita, oinarrizko maketaren gainean aldizkaria moldatzera. Horretarako kolaboratzaileen testu luzeegiak moztera, argazkien tamaina txikitzera eta hori guztia egin arren ezin nahi genuen informazio guztia KARKARAko orrietan atera. Horregatik sartzen genuen batzuetan beste hainbat berri webgunera.
Herrian batera eta bestera ikusten nuen ura hondartzako arrokei zein errioko ertzei joka. Gogoan dut Errikotxiako bertsolariekin erreportaje baterako egurrezko ontziraleku gorri batean argazkiak ateratzera joan eta nola hasi ziren saltoka. Ni, berriz, beldurrak jota. Eskerrak ez nindutela uretara bota, bestela bertsotarako gai izango lukete orduko anekdota. Elkarrizketa, albiste, iritzi eta argazki. Oriotarren eta aiarren artean pasa nituen ordu asko eta jaso nuen kontu aski. Oroitzapen on zein eskasagoekin beteko nuke makina bat saski, baina denak kontatzea luze eta komenigarri ez, seguraski.
Luzea izan zen bere laburrean estropada eta arin eman behar izan nuen ziaboga. Eskerrik asko KARKARA, nik oriotarrei eta aiarrei emana izan zen urte haietako proba eta haiek niri emana ere nire baitan geratuko da.