Ezjakina dena sarritan ausarta ere izaten da eta, KARKARAko lagunek eskatuta, Orioko Kultur Etxera hurbildu nintzen maiatzak 8an, bertako alkate izateko hautagaien debateko moderatzaile lanak egitera.
Politika arloko mahainguruetan inolako esperientziarik gabea, jakinmin puntu bat ere banuen egia esan, nolako giroa arnastuko ote zen horrelakoetan. Hautagaiek eragin zidaten lehen sentsazioa, baina, ezaguna egin zitzaidan: musikariek kontzertua baino lehen edota bertsolariek oholtzara igo aurretik izaten duten ilusio eta urduritasun nahasketa berbera nabari zitzaien lauri.
Mikrofono eta gainerako kontuak errepasatu eta, hasi aurretik, trago bat hartzera abiatu ginen backstageko itzaletara, Itzala tabernara. Pixkat zirikatu nituen, telebistan politika debateetan ematen diren ika-mika garratzik ez ote zuten errepikatuko galdetuz. Erantzuna laster: Gu ez gara politikariak. Herri mailakoa ez da politika kontua, kudeaketa baizik. Herrian sortzen diren arazoak gestionatzea alegia.
Futbolaren konparazioa etorri zitzaidan burura. Galaktikoak Sanchez, Casado edota Urkullu eta Otegi. Preferentekoak herri txikietako alkategai eta zinegotziak.
Azkenean partidua edota, nahiago baduzue, bertso-saioa hasteko unea iritsi zen. Alderdiekin adostutako galdera-sortan, aukeran inprobisazio gutxi eta bertso-paper gehiegi, kritikatxo hori egiten uzten badidazue. Baina ez da erraza hainbeste jenderen aurrean hitz egitea eta Xabier Letek kantatu zuen moduan: Norbaitek esango balu, hobe nukela juatia / neri berdin zait zuek hemen ta ni hor egotia.
Gainera, goraipatzekoa lau hautagaiek izan zuten jarrera. Bakoitza beretik, errespetuz aritu ziren, baita desadostasunak azaltzerakoan ere. Asertibitatea esaten omen zaio horri eta, barkatuko didazue hitz-joko eskasa, erabateko aziertoa izan zen nire ustetan. Are gehiago. Beste alderdietakoek ondo egin zutena onartzeko beldurrik ez zuten agertu ez batzuk ez besteek. Hautagai bat bere lehiakide handienari loreak botatzen ere entzun ahal izan genuen, eta guztien ahotan elkar-lanerako etengabeko deia, mahaien jiran gauzak eztabaidatzekoa. Kexu bat lauek baita ere: pena dela herritarrak udaleko kontuetan gehiago ez inplikatzea, interes falta hori, askotan sumatzen duten urruntasuna.
Bertara azaldu ziren oriotarrak - jendetza- ,kontrakoaren eredu izan ziren ordea: gai orokorragoak -ekologia, berdintasuna- zein eguneroko bizitza baldintzatzen duten kontu zehatzak -Bentako bidearen egoera, irisgarritasun arazoak- plazaratu zituzten eta hautagai denak zintzotasunez erantzun egokiak ematen ahalegindu ziren.
Bukaeran txaloak, izerdia, nekea baina baita herri bat herriago egiten duen zerbait bizi izan genuenaren irudipena ere.
Jendeaz agurtu eta oinez zubia pasa eta alboko herrira nindoalarik, bizitakoaren errepasoa egin nuen, alkategaiengandik jaso ahal izan nituen sentipenak zerrendatuz. Ilusioa, elkarrenganako errespetua, herritarrekiko gertutasuna, arazoei erantzun egokia emateko ahalegina...
Aiara iritsi nintzenerako, debatearen hasierako tragoan eman zidaten erantzuna izan zela gaueko gezur bakarra erabaki nuen. Galaktiko horiena ez dakit zer izango den baina politika, bene-benetako politika, herrietakoa hauxe da.