Urtebetean 20 puntu baino gehiago igo da ondo sailkatuta bildutako hondakinen ehunekoa Urola Kostan

Karkara 2019ko ots. 28a, 10:30

Hondakinen bilketa sistema berria ezarri dutenetik, sailkatze indizea %70aren inguruan egonkortu da.

2018ko urtarrilean Urola Kosta Udal Elkarteak eta bost udalek hondakinak biltzeko zerbitzu berria jarri zuten martxan. Udal elkartetik jakinarazi dute, sistema ezarri eta urtebetera, "positiboa" dela balantzea. Izan ere, bilketa zerbitzu guztien datuak kontuan hartu eta 2017ko datuekin alderatuz gero, ondo sailkatutako hondakinen ehunekoa 20 puntu baino gehiago igo da eskualdean. "2017ko urte osoko sailkatze indizea %46,68 da eta 2018ko martxotik abendura bitartekoa %70,10 (urte osokoa indizea baxuagoa da %67,64koa, sistema berria ezarri aurreko urtarrileko eta otsaileko datuen eraginez). Zerbitzu berria ezarriz geroztik, sailkatze indizea %70aren inguruan egonkortu da.

Bestetik, arloz arlo ondo sailkatuta bildutako hondakinen kopuruak izandako bilakaera positiboa nabarmendu dute. Izan ere, kaleko edukiontzietan, martxotik abendura bitartean, ondo sailkatuta bildu da hondakinen %67,76a. Establezimenduei bideratutako puntuz puntuko bilketa zerbitzuak ere emaitza onak eman dituela azaldu dute; hain zuzen ere, %74,43ko sailkatze indizea du. Industrialdeetako enpresen bilketan ondo sailkatuta bildu da hondakinen %66,84 eta garbiguneetan, berriz, %78,60.

Bestalde, azken urteetan garbigune zerbitzuak izan duen bilakaera ere azpimarratu dute: 2016tik 2017ra %9,82 igo zen jasotako hondakinen kopurua; eta 2017tik 2018ra %11,55 igo da.

Etengabeko jarraipena: doiketak eta hobekuntzak
Iazko martxoan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian hondakinak biltzeko zerbitzu berria ezarri zenetik, Udal Elkartetik etengabe dihardugu zerbitzua hobetzeko lanetan. Beti ere, gutxieneko helburuez haratago, sailkatuta ahalik eta hondakin gehien jasotzeko xedez.

Azpimarratzeko modukoa da, hondakin organikoaren bilketak hobetzeko 2018 amaieran egindako ikuskatze-kanpaina. Bi hilabetez, azaroan eta abenduan, ikuskatze lanak egin dira 5 herrietako hondakin organikoen edukiontzietan. Kanpainak bere eragina izan du eta hondakin organikoaren kalitatea hobetu da. Dena dela, oraindik eta kalitate hobeagoa lortzen jarraitu behar dugu.

Aurrera begira
2018an zehar bilketa zerbitzuetan antzemandako hutsuneak kontutan hartuta hainbat neurri eta egitasmo jarriko ditu udal elkarteak martxan 2019ko lehen seihilekoan. Besteak beste, bilketa maiztasunak egokitzen jarraituko da eta bilketa zerbitzuetako ibilgailuetan moldaketak egingo dira. Bilketa guneen eta edukiontzien garbiketa lanak ere berrantolatu egingo dira. Eta hainbat guneetako zabor poltsan presentzia gutxitzeko helburuz, udalekin elkarlanean, identifikazio lanekin jarraitu eta ohartarazpenak bideratuko dira.

Gainera, ikuskatze lanak ere indartuko dituzte. "Zerbitzua sendotuko da, asteburu eta jaiegunetan hondakinak biltzeko zerbitzuak ikuskatu eta sortzen diren gorabehera eta arazoak konpontzeko".

Balorazio positiboa
Sistema ezarri dutenetik bilakaera positiboa izan dela argi utzi du Urola Kostako Udal Elkarteak, eta azaldu du "hasiera-hasieratik erakutsi dutela herritarrek jarrera ezin hobea". Edozein kasutan, herritar guztiei arduraz eta ingurumenekiko begirunez jarraitzeko dei egin diete. "Udal Elkartetik lanean jarraituko dugu, etengabeko hobekuntzaren bidetik, %75eko bilketa maila erreferentzia gisa hartuta".

Sistema berriaren emaitza eta bilakaeraren inguruko datuak ikusgai daude Urola Kostako Udal Elkartearen Ingurumen Saileko webgunean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide