Urola Kostako eta Oarsoaldeko AEK-k topaketa antolatu dute Pagoetan (Aia), "euskara praktikatu, naturaz gozatu eta solaskide berriak ezagutzeko" helburuarekin. Ostegun honetan, abenduak 6, Pagoetako Iturraran parketxean elkartuko dira, eta ekintza desberdinak izango dituzte goiz osoan zehar. Lehendabizi, elkar ezagutu eta balizen orientazio-ibilbidea egingo dute, eta ondoren, Agorregi burdinola bisitatuko dute. Bazkaltzera geratzeko aukera izango dela iragarri dute antolatzaileek, eta mendiko arropa eta zapata erosoak eramatea gomendatu dute. Hamaiketakoa eta bazkaria ere bakoitzak eraman beharko ditu.
Hona hemen egitaraua osorik:
Egitaraua
- 10:00. Pagoetako Iturraran parketxean elkar ezagutzea, material banaketa eta taldeak egin
- 10:30. Orientazio-ibilbidea. Hiru aukera izango dira: 1'3 km, familia eta haurrentzat (10 baliza), 2'7 km, gazte eta heldu hasiberrientzat (15 baliza), eta 3'5 km, orientazio kirola ezagutzen dutenentzat (18 baliza)
- 11:30. Agorregi burdinolara irteera
- Jarraian, bazkaria