Atzo aurkeztu zuten Urolapiko proiektua Zarauzko Merkatu plazan. Eskualde mailako proiektu honen bidez, "ekoizleen eta erabiltzaileen arteko elkarlana" sustatu nahi dute, "eta batez ere, Urola Kostako ekoizle guztien arteko elkarlana". Horretarako, lankidetza ehuntzeko sare bat jarri dute martxan, non bertako ekoizle eta transformatzaileak protagonista diren.
Proiektu hau osatzen duten eragile eta sektore desberdinetako ordezkariak izan ziren agerraldian; Arantxa Madariaga (Elika Fundazioko zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaria), Miren Prieto (Lakari Kooperatibako kidea), Mikel Eizagirre (ekoizlea), Saioa Sese (EHUko kidea), Karlos Renedo (Hiritik At Kooperatibako kidea), Igor Iturain (Urola Kostako Udal Elkarteko presidentea), Jose Angel Zaldua (Orioko alkatea) eta Yurre Peñagarikano (Urkomeko gerentea).
Madariagak azaldu duenez, "elikagai industria aukera asko dituen eremu bat da EAE mailan. Egia da osatu dugun kate honetako eragileak oso txikiak garela; horregatik iruditzen zitzaigun hain garrantzitsua gure artean ezagutzea eta gure arteko elkarlana, lehiakorrak izan ahal izateko". "Mundu globalizatu honetan eta komertzializazio ikuspegitik hainbeste aukera egonda, aukera berriak sortu ahal izateko, beharrezkoa da txikiak batzea, denon artean handitzeko eta lehiakorrak izateko", gehitu zuen.
Beraz, Madariagaren esanetan, proiektu honen helburua "txikien artean" elkar ezagutzea eta elkarlana saretzea da, "eta baita eremu publiko eta pribatuaren arteko elkarlana ere. Hori ere oso garrantzitsua da. Eragile publikoak eragile pribatuentzat lanean aritzen gara askotan, baina azken finean, guztiok helburu bera daukagu, eta guztiok egin behar dugu lan, elkarrekin".