Alkoholikoak dira, bai, baina sendagaia aurkitu dute: hil honetan 55 urte bete berri dituen Hondartza taldea. Asteartero elkartzen dira, 20:00etan. Topaketa hauek, zulotik atera gaituzte gu guztioi. Ezinbestekoak zaizkigu gure arteko solasaldi hauek; bakoitzak bere kezkak, beldurrak, eta sentimenduak azaleratzen ditugu hemen. Ez da inor epaitzen, elkar laguntzeko gaude, eta, noski, pertsonaren anonimatua zaintzea da lehen premisa. Edonorentzat ditugu ateak zabalik.
‘Bakarrik, ezin da zulotik atera’
15 eta 20 urte bitartean daramate asteroko saioetan parte hartzen elkarrizketatutako lau oriotarrek. Jokabide-eredu berberak bultzatuta jo zuten Alkoholiko Anonimoetara: Ez genuen onartzen gure gaixotasuna. Alkoholikoa izatea ez da edatea soilik. Pertsona oso sentikorrak, mentalki ahulak eta estima baxuko askok alkoholera jotzen dutela onartzen dute, beren buruko mamuak uxatzeko. Buruko gaixotasun bat da. Eta betirako. Aitorpen gordina, inondik inora. Horregatik da -diote laurek- horren garrantzitsua gure artean elkartzea. Terapiarik onena da guretzat.
Oriotar hauen kasuan, senitartekoek, lagunek eta ingurukoek funtsezko papera izan dute arazoari aurre egin eta lehen urratsa emateko garaian. Adituek diotenez, depresioak eta bestelako arazoak ohikoak dira aita-amengan eta senar-emazteengan. Hasieran besteei botatzen diezu errua –aitortu du batek–, baina denborarekin ohartzen zara, lagundu nahi zaituztela. Orion babes handia eman digute, eta eskertzekoa da. Arazoa gurea da, eta guk eman behar diogu irtenbidea, berresten du beste batek.
55 urte, alkoholari aurre eginez
Argi dute lau oriotarrek Alkoholiko Anonimoak elkartea salbamendu-jaka modukoa izan dela eurentzat. Gizarteak eta erakunde publikoek estigma modura ikusten dute alkoholismoa, eta jende asko ez da ohartzen gaixotasun sendagaitza dela, kronikoa, beste asko bezala. Baina dena ez da txarra. Esperantza badago, baita irtenbidea ere: orain dela 55 urte sortutako Hondartza taldeak bizitza asko salbatu ditu, eta salbatzen jarraitzen du. Ikusten dituzu hango bi erretratuak? –galdetu dio Hondartzako koordinatzaileak KARKARAko kazetariari–, William Griffith eta Bob Smith dira, Alkoholiko Anonimoak erakundearen sortzaileak.
Badirudi bi estatubatuar horiek, tabernako barran zeudela, alkoholarekin zuten harremanari buruzko kezkak partekatu zituztela. Beren sentipenak kanporatzen jardun zuten gau guztia. Taberna ixtean konturatu ziren, solasaldian zehar, ez zutela alkohol tantarik edan. Eta elkarte bat sortzea erabaki zuten: Alkoholiko Anonimoak. 1935. urtea zen. Nazioarteko erakunde hark jada 83 urte ditu, eta Zarauzko bere anaia txikia, Hondartza taldea, bidean da. Oraingoz, 55 dira. Bejondeiela.
Hitzaldia, ekainaren 29an
Alkoholiko Anonimoen Hondartza taldeak hitzaldi bat antolatu du hilaren 29an, ostiralean. Gaixotasun hori hainbat ikuspegitatik azalduko dute zenbait lagunek. Hitza hartuko dute Alkoholiko Anonimoen kideek, Al-Anon elkarteko kideek (gaixoen senitartekoen elkartea) eta Libe Intxauspe psikiatrak. Hitzaldia 19:00etan hasiko da, Zarauzko Antoniano aretoan.