Morea

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Manterola 2018ko api. 2a, 16:00

Ezin izan nuen grebarik egin. Etxetik kanpo ezinezkoa egin zitzaidan. Etxe barruan beste horrenbeste, greba gose greba bihurtuko ez bazen. Inbidiaz jota bizi izan nuen eguna.

Nire armairuan ez da erraza ezer morea topatzea, eta kosta zitzaidan egun handirako uniformea lortzea, baina zorioneko bufanda bat topatu nuen kajoiaren bazter batean. Ez nuen oso maitea aurrez ere, baina gure amonak hilabete luzeetan doluaren koloretako bat bihurtu zuenetik tristurarekin lotu izan dut kolorea, ez borrokarekin.

Ezin izan nuen grebarik egin. Etxetik kanpo ezinezkoa egin zitzaidan. Etxe barruan beste horrenbeste, greba gose greba bihurtuko ez bazen. Bakarrik bizi garenok ezin zaintzari planto egin. Inbidiaz jota bizi izan nuen eguna, jasotako mezu eta argazkien artean.

Lanetik Oriora bueltan arratsaldeko manifestaziora garaiz iritsi nintzen. Hura poza. Marea moreak gizon izena duten kaleak hartu zituen: Eusko Gudariak gora, Arrantzale behera. Ez zen izan ez marea hila, bizi-bizia baizik. Amonak, amak, alabak, gehiago; baina aitonak, aitak, semeak ere batzu-batzuk. Horrelakorik gutxitan ikusiko genuen herrian. Kolore guztietako jendea helburu bakarraren alde.

Plazara iritsi eta izeba topatu nuen. Argazki bat aterarazi zidan sakelakoarekin alabak eta biek pegata bana paparrean zutela. Orion daramatzan hirurogeita bi urteetan inoiz horrelakorik ikusi gabea zela eta familiakoei bidali nahi izan zien estanpa. Osaba bizirik balego harro egongo litzatekeela gehitu zuen. Nik sinisten.

Grebaren deialdiaz jakin nuenetik haren eragina eta emaitza zein izango zen imajinatzea zaila egin zitzaidan. Ez baitzen betiko deialdia. Gizartearen erdia bakarrik deitua, zaintza eta kontsumoari uko egitea,… bazituen ezohiko faktore dezente. Eta horrek berak zalantza ugari sortu zizkidan eguna gerturatu ahala. Zer egin, nola egin. Eta inguruan ere jende asko igarri nuen antzeko egoeran. Hortxe igarri nuen lortu zela helburua, bazterrekoa erdigunean ikusi nuen-eta. Gaia denon mahaien bueltan.

Dena historikoa dela esaten dugu azken boladan. Historikoa ez, martxoaren 8koa, inflexio puntu bat izan zela esango nuke. Gure herriak borroka guztiona dela erakutsi zuen. Eta niri tristurarekin baino festarekin lotzea hobe dela morea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide