Jone Guenetxeak hartu du TOKIKOMen presidentzia, Urko Aristiren ordez

TOKIKOM 2017ko ots. 28a, 10:58

Argazkiak: Tokikom

Toki Komunikabideen Bateraguneak ohiko Batzar Orokorra egin zuen atzo Eibarren, eta 2017rako jauzi kualitatiboa dakarren plangintza onartu.

TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, Ohiko Batzar Orokorra egin du gaur Eibarko Markeskua Jauregian, 2016ko balantzea egin eta 2017ko lan ildoak finkatzeko asmoz.

Bost urte dira jadanik Euskaltzaleen Topagunean biltzen ziren toki komunikabideek haien sailari gorputz eta entitate juridiko propioa ematea erabaki zutenetik, eta denborak erakutsi du erabaki zuzena izan zela.

Gaur egun, TOKIKOMek  euskarazko 68 toki komunikabide batzen ditu, eta haietan diharduten 200 langile. Gaurkoan 2017rako onartu duten Kudeaketa Planak ageri-ageriko jauzi kualitatiboa ekarriko dio haien jardunari.

Bideoa: GOIENA

2016ko balantzea

Fruitu horien lehen haziak 2016an erein dira. Toki komunikabideek anbizio handiko egitasmoak jarri dituzte abian, emaitza oso positiboekin.

Alde batetik, interneteko edizioetako publizitate euskarria bateratzeko prozesua amaitu dute, Kataluniako OnlyMediaWeb enpresaren laguntzaz, hilabetero 250.000 erabiltzaile eta 1.300.000 bisitatik gora dituen euskarazko erakusleiho bat artikulatuz TOKIKOM Kanal Digitalaren bidez. Gainera, 2012an egindako apustuari heldu eta eskualdekako agerkari digitalak sortzeko TOKIKOM Plataforma garatzen jarraitu dute CodeSyntaxekin batera, dagoeneko 16 hedabidek osatzen duten sare bat josiz. Mugikorren mundura ere jauzi egin du TOKIKOMek 2016an, Gipuzkoapps lehiaketan ohorezko aipamena lortu duen TOKIKOM Aplikazioaren bidez.

Baina toki komunikabideen produktuak hobetzeaz gain, beraien barne antolamendua hobetu eta baliabideak optimizatzea ere badago TOKIKOMen helburuen artean. Horrekin lotuta, eta EUSKALIT Fundazioarekin elkarlanean, Kudeaketa Aurreratua lantzeko formazioa gauzatu du 2016an, 12 bazkiderekin, eta emaitza hain positiboarekin ezen 2017rako ere beste horrenbestek interesa adierazi duten.

Gogoeta eta prestakuntza ere badira sektorearen behar argienetako bat, eta esparru horretan ere eman du zeresana TOKIKOMen urteko jardunak. Azaroan Arrasaten egindako TOKIKOM Jardunaldiek komunikazioaren munduko 100 profesional bildu zituen, adibide praktikoen bidez joera berrien zertzeladak emateko. Bertan interes handiena piztu zuten gaiek jarraipena izango dute Toki Komunikabideen Bateraguneak 2017an egingo dituen formazio ziklo etenbakoetan.

Hori guztia gutxi balitz, elkarlanean jardun eta produktu eta zerbitzu berriak garatzeko denbora ere izan dute TOKIKOM osatzen duten hedabideek. Hala, haietako bederatzik IKUSBERA izeneko haurrentzako atala argitaratzen hasi dira, Beterriko Aiurrik azken urteotan sortutako Aiurri Txiki argitalpenean oinarrituta, eta lehen pausuak eman dituzte PLAZANBAZAN.EUS haurrentzako txoko digitala garatzen hasteko. Beste hiru, berriz, diseinu eta maketa funts komuna erabiltzen hasi dira, produktua profesionalizatu eta hobetze aldera, Goiena Komunikazio Taldearen laguntzaz. Gipuzkoako toki telebistak eta tokiko hedabideak, berriz, EKONOMIA GUREAN saio dibulgatiboak ekoizten hasi dira, lankidetzan, tokian tokiko ekonomia ezagutzera emateko. Esperientzia horien guztien balorazioa oso positiboa izan da, eta jarraipena izango dute 2017an.

Maila korporatibo-instituzionalean, berriz, TOKIKOMek etengabeko solaskidetza izan du EAE zein Nafarroako administrazio publikoekin, baita beste hainbat eragilerekin: PuntuEUS Fundazioa, Emakunde, Euskadiko Kazetarien Elkargoa, Hekimen...

2017, profesionalizazioaren urtea

TOKIKOMeko zuzendari Alaitz Artolazabalek nabarmendu duenez, 2017ko Kudeaketa Planak jauzi kualitatiboa ekarriko du euskarazko toki komunikabideen profesionalizazioan, arreta berezia jarriz egiten den lanaren eraginkortasunari. Besteak beste, honako proiektu hauek nabarmendu daitezke:

Edizio sistema bateratua

Taldekako negoziazioari esker, TOKIKOMek baldintza ezin hobeak lortu ditu bere bazkide diren paperezko argitalpenetan edizio sistema bateratua ezartzeko. Hari esker, aldizkari bakoitzak uneoro kontrolatu ahal izango du zer puntutan dagoen hurrengo zenbakiko orrialde bakoitza, erraz uztartu ahal izango du erredakzioan bertan eta kanpoan dabiltzan erredaktoreen lana, online-offline edizioa optimizatu, artxibatze lanak erraztu eta, oro har, lan banaketa eta produkzioa era eraginkorragoan egin ahal izango du. Baina gainera, talde moduan, sortutako eduki guztiaren artxibo komun bat ere sortzeko aukera emango du edizio sistemak, eta materialak elkar trukatzeko ere erraztasun handiak.

Gurenews

Azaroko Jardunaldietan jendaurrean aurkeztutako Gurenews sistema Plataforma Digitalarekin integratzen hasi da TOKIKOM. Sistema horrek automatikoki aztertuko du tokiko agerkari digitaletan argitaratzen diren edukiak, albiste bakoitzean agertzen diren pertsonak, lekuak eta entitateak automatikoki atzeman eta haiekin datu-base bat osatzen joateko. Horrela, erredaktoreek askoz eskurago izango dute gertaera bakoitzaren inguruko testuinguruko informazioa, eta bide batez, toki komunikabideek sortzen duten informazio masa erraldoia ordenatuta gorde eta kontsultatzeko modua ere egongo da.

Gurean atari tematikoak

Tokian tokiko informazioa beste ikuspegi batetik ere interesgarria suerta daitekeelakoan, TOKIKOMek Gurean atari tematikoak jarriko ditu martxan datozen asteotan. Atari horietan, toki komunikabideek argitaratutako albisteak emango dira, gaiaren arabera antolatuta. Lehenengoetakoa izango den Kirola Gurean atarirako egindako probetan, adibidez, TOKIKOMek egiaztatu ahal izan du bi hilabetero 1.500 albiste baino gehiago sortzen dituela kirolari buruz, beste medio batzuetan sarri agertzen ez diren kirolen inguruan batez ere. Informazio horri guztiari beste irtenbide eta erabilgarritasun bat emateko saiakera izango da Gurean.

Publizitate kanal integrala

2016an Kanal Digitalarekin hasitako bideari jarraiki, 2017an Publizitate Kanal integrala egituratzea izango da TOKIKOMen zeregin nagusienetako bat. Interlokuzio bakarrarekin, TOKIKOMek berak zein bere bazkideetako bakoitzak aukera du jadanik publizitatea eskaintzeko bere medioan zein taldea osatzen duten beste edozeinetan. Bartzelonako OnlyMediaWeb marketing enpresarekin egindako hitzarmenari esker, gainera, toki komunikabideen publizitate eskaintza Bartzelona eta Madrilgo publizitate agentzietara ere iritsiko da.

Zentzu horretan, gogoratu beharra dago TOKIKOMen sarea parekorik gabeko kanala dela publiko euskaldunarengana iristeko. Guztira, 200.000 hartzailetik gora du offline medioetan, eta 250.000tik gora kanal digitalean, beste inongo mediorik ez daukan kapilaritate mailarekin gainera. Aurtengo apustu argia kanal hori iragarle handien esku jartzea izango da, batetik, eta aldi berean, tokian tokiko merkatarientzako publizitate eta komunikazio zerbitzu berriak garatzea, IKTen erabileran oinarrituta.

Ikusentzunezkoak

Online kanaletan duten garrantziaz jabe, 2017an ikus-entzunezko edukien ekoizpen eta hedapenari heldu nahi dio TOKIKOMek. Horretarako, gogoeta eta formazio zikloak prestatzen ari da alorreko adituen eskutik, epe labur-ertainera estrategia bat diseinatzeko tokiko telebisten eta kanal digitalen arteko konbergentziaren alorrean.

Lurraldekako erakunde harremanak

Maila korporatibo-instituzionalean, TOKIKOMek ahalegin berezia iragarri du lurraldez lurraldeko administrazio publikoekiko harremanak sendotzeko. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Nafarroako Gobernuarekin solaskidetza kanalak egonkortu ostean, Araba zein Bizkaiko Foru Aldundiekin ere komunikazio kanal jarraiak irekitzeko erronka jarri dio TOKIKOMek bere buruari,Eusko Jaurlaritza osatu berria ere ahaztu gabe.

Bizkaian, esaterako, jarduera duten eskualdekako zazpi bazkide ditu TOKIKOMek: Aiaraldea Gaur, Geuria –Hego Uribe–, BLB –Bilbo–, Hiruka –Uribe Kosta–, Aikor –Txorierri– eta Anboto –Durangaldea–, denak ere populazio eta eragin potentzial handiko esparruetan. Hori dela eta, TOKIKOMen asmoa da Bizkaiko bazkideen eta erakunde publikoen arteko elkarlana oinarri hartuta, euskarazko medioek Bilboko gune metropolitanoan duten presentzia biderkatzeko estrategia bat diseinatzea, efektu biderkatzailea izango duelakoan.

Presidente eta Administrazio Kontseilu berriak

Bizkaiaren aldeko apustu horren adierazgarri, bertakoa izango da TOKIKOMek gaur aukeratu duen presidente berria. Izan ere, Bizkaiko tokikoentzat erreferente argia den Durangaldeko Anboto astekariaren zuzendariak, Jone Guenetxea Arrindak, hartu du gaur 2014tik Urko Aristik zuen TOKIKOMen presidente kargua.

Jone Guenetxea Arrinda –Abadiño, 1978– kazetari abadiñarrak eskarmentu handia du tokiko hedabideen arloan. Profesionalki Durangaldeko tokiko telebista batean eman zituen lehen urratsak kazetari moduan. Ondoren, 2004. urtean eskualde horretako ANBOTO  irratiko esataria izan zen. 2008az geroztik, ANBOTOko proiektuaren zuzendaritzan dihardu. Gainerako hedabideekin batera, Guenetxeak TOKIKOMen sorreran parte hartu zuen. Duela bi urtetik TOKIKOMeko Administrazio Kontseiluko kidea da.

Guenetxeak ilusioz eta gogotsu hartu du bere ardura berria, presidentea Bizkaikoa izateak bertako erakundeekin harremanak estutu eta Gipuzkoan daudenen antzeko komunikazio kanal jarraiak irekitzea erraztuko duelakoan. Irribarre batez gehitu du, hala ere, ez dela erraza izango Urkok eman duen maila parekatzea.

TOKIKOMeko bazkideek aukera aprobetxatu dute Urko Aristiri bihotzez eskertzeko azken urteotan presidente lanetan egindako ekarpena. Nabarmendu dutenez, Urkoren figura klabea izan da hainbat ate ireki eta erraz korapilatu zitezkeen auzi potentzialak ebazteko. Aristik ere eskertu egin du TOKIKOMen bere hondar alea jartzeko emandako aukera, eta borondate osoa adierazi du aurrerantzean ere zubilanetan laguntzen jarraitzeko.

Presidente karguarekin batera, sozietatearen Administrazio Kontseilua berritzeko ere balio izan du Batzar Orokorrak. Jone Guenetxea presidenteaz gain, honako hauek osatzen dute TOKIKOMen Administrazio Kontseilu berria:

  • Xabier Goienetxe (Aikor)
  • Aritz  Martinez de Luna (Alea)
  • Jone Guenetxea (Anboto)
  • Gorka Zabaleta (Baleike)
  • Ainhoa Andonegi (Barren)
  • Iban Arantzabal (Goiena)
  • Jon Aldanondo (Infosare)
  • Anne Arbelaitz (Kronika)
  • Jasone Mendizabal (Topagunea)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide