Olidenek ezin izan du Gipuzkoako Kintopeko Liga borobildu

Karkara 2017ko urt. 18a, 16:02

Argazkia: Ibon Errazu

Patxi Illarretak irabazi du kintopekoen lehen ligako finala.

Kinieletan atzeko aldean agertzen bazen ere, Patxi Illarretak jantzi zuen atzo Gipuzkoako Kintopeko Ligako finaleko txapela. Olidenen eta Txokolateren alde zeuden apustuak, baina hara non, gau borobila egin zuten Illarretaren idiek eta itzaiek elkarlanean. Hiru plaza pasatxoko tartea atera zioten gainera bigarrenari, Joxemari Txokolateri. Eta hirugarren geratu zen atzokoan Iñaki Oliden oriotarra, ia plaza bat gutxiago eginda. 

Olidenek adierazi digunez, idiak osasun arazo txiki batzuekin izan ditu eta atzokoan argi geratu zen indar gutxirekin zeudela. Illarretarenak aldiz, fresko aritu omen ziren. Nekatuta iritsi dira azken lehiara Olidenen Alegre eta Apala idiak: Azkoitiko plaza motza eta gogorra da. Harria hartzeko garaian zailtasun handiena duen plaza da eta freskotasuna eskatzen du. 13-14 proba jokatu dituzte gure idiek aurtengoan, eta bospasei Illarretarenek. Aldea nabarmena da eta emaitza agerian geratu da.

Datorren urteari begira proba gutxiago egingo ote dituen galdetuta, zaila dela aitortu du Olidenek: beste idi pare bat izango dut datorren Ligan: Mañu eta Joxemari, hain zuzen ere. Ikusi egin behar da nola hasten diren. Hala ere, zaila da ezetz esatea toki askotatik deitzen dizutenean. Idiei deskantsua ematen saiatzen naiz, baina, ahal den neurrian.

Sailakapena

  1. Patxi Illarreta. Itzaiak: Iñaki Urrutia eta Patxi Illarreta bera. 51 plaza, 4 zinta, 3 metro eta 81 cm.
  2. Joxemari Txokolate. Itzaiak: Asier Alegria eta Iñaki Urrutia. 48 plaza.
  3. Iñaki Oliden. Itzaiak: Iketza eta Iñaki Oliden bera. 47 plaza, 2 metro eta 52 cm.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide