Neguko hoztasunean ematen diren besarkada beroak. Bueltatuko ez denaren beldurrez ematen diren musuak. Itzulerarik ez duten agurrak. Adiorik gabeko agurrak, ezpainak ireki gabe agurtzen direnak. Agurtu nahi ez dutenaren agurrak. Agurrak.
Bueltan datorrenari ongietorria emateak sortzen duen tripa-zorria. Beso zabalik jasotzeko gogoa eta besoak zurrunki tinko izatearen beldurra. Minutu ugari irauten duten besarkada estuak eta luze egiten diren minutuak.Iritsi berriari egindako agur urduria. Araututako bi musu hotzak.
Agurrak. Geltokiak.
Geltokiak dira agurren lekuko. Bukaera edo/eta hasiera bat, denboran nahiz espazioan kokatzen dituzte
geltokiek. Eta hori izan dira niretzat Orio eta Aia , KARKARA, geltoki bat.
Gogoan ditut hasierak. Espaziodenboran kokatuta, 2014ko urtarrilaren 27a zen. Goizeko 9:00ak ziren eta kultur etxean elkartu ginen. Artxiboan zegoen orduko arduraduna, eta, nire antzera, hasiberria zen lankidea. Han hasi zen gaur arte iraun duen bidea. Bukaerak ere data bat baitu: 2016ko abenduaren 31a.
Eskertu ateak parez pare zabaldu dizkidaten oriotarrak eta aiarrak. Arraunzaletu nautenak. Kostaldeko
kuadrillakoak. Eta, bereziki, bidelagun izan ditudan lankide –eta lagunak–.
Agur hau izan dadila sarritan bueltatzeko. Neguko hoztasunean ematen diren besarkada bero bana.