Pasa den larunbatean, Aritz Lertxundik eta Ibon Aranaldek 22-21 emaitzarekin galdu zuten Gipuzkoako Txapelketako final erdietako joaneko partida. Tanto asko egitea lortu zutenez, oraindik finalera sartzeko aukera bat gelditzen zaie. Ostiral honetan, 19:00etan, Legazpiko Urbeltz frontoian jokatuko duten itzulerako partidua irabaziz gero finalean egongo dira Lertxundi eta Aranalde.
Lertxundik eta Aranaldek partida garrantzitsua izango dute, beraz, ostiralean. Baina ez dira bakarrak. Naroa Beldarrainek beste zita garrantzitsua du asteburuan. Larunbatean, 16:00etan, Donostiako Atano III. pilotalekuan Emakumea Pilotari txapelketako finalerdia jokatuko du Oiartzungo Galdos aurrelariarekin batera.
Beldarrainek eta Galdosek finalera sailkatzeko aukera handiak dituztela aitortu du Aimar Galarragak, Orioko pilota arduradunak. Nahi duenak aukera ederra du gure palista animatzera joateko, gaineratu du Galarragak. Beldarrainek pilotazaleen babesa eskertuko du, baina baita Lertxundik eta Aranaldek ere.