Kontatzen dena, bada

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Ayestaran 2016ko aza. 29a, 15:46

Garak eta Naizek, urrian, Portugaleten, herritar anonimoekin egindako esperimentu batek zer pentsatua eman dit. Labur esanda, parte-hartzaileei Lucio Urtubiaren, Iñigo Cabacasen eta Yolanda Gonzalez argazkiak erakutsi zizkieten eta argazki horiek zer sentiarazten zien galdetu zieten. Batzuek ezagutzen zituzten, beste batzuek, ordea, ez.

Esperimentuaren ondorioekin kezkatuta, hurrengo belaunaldiari zer eta nola kontatu nahi diogun galdetu diot nire buruari. Kontatzen dena, bada eta izango da; kontatzen ez dena, berriz, ez da. Transmisio lan horretan etxekoen, lagunen, ingurukoen eta, nola ez, hedabideen zeregina ezinbestekoa da. Karkarak, Orioko eta Aiako herri aldizkari den neurrian, ere badu bere egitekoa.

Karkara denona da: Karkara laguntzaileena, herriarena, irakurleena, kolaboratzaileena, eta kontakizuna denon artean egitea ederra litzateke. Izan ere, ez dago errelato bakarra, aitzitik, egia asko daude. Ez hori bakarrik, denok daukagu zerbait kontatzeko eta edonor izan daiteke kontalari.

Beraz, hasi arkatzak zorrozten zuen istorioak entzuteko eta irakurtzeko amorratzen gaude-eta!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide